Emakume batek ordezkatuko du emakume bat Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagitzan. Hori da, behintzat, Europako Batasunak nahi duena, baina orain ikusi beharko da nazioarteko erakundeko beste bazkideek ohitura jarraitzen duten eta onartu egiten ote duten europarren proposamena. Hala balitz, Kristalina Georgieva bulgariarra izango da NDFko zuzendaria, Christine Lagarde frantziarraren ordez —Europako Banku Zentraleko lehendakari izango da Lagarde—.
Georgieva ekonomista da, eta Munduko Bankuko buru izan da azken hilabeteetan. Frantziaren apustua izan da, eta Europa hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeen babesa jaso du.
Ohitura zaharren omenaldia izan da Georgievaren aukeraketa prozesua ere, EBko gobernuek, egun osoan bozketa prozesu batean katramilatuta ibili batira. Azkenean, Jeroen Dijsselbloem beste hautagaiak porrota onartu eta atzera egiteak askatu du korapiloa. Izan ere, azken bozketaren emaitza ez da behar garbia izan: Georgievak biztanleen %57 biltzen dituzten estatukideen babesa lortu du, eta Dijsselbloemek, berriz, %43ena. Kontua da Georgieva ez dela iritsi EBk bere buruari jarritako kopurura, hau da, biztanleen %65en babesa izatera. Kopuru hori araua ala gomendioa ote zen eztabaidan aritu dira ministroak, baina debatea amaitu zuen Dijsselbloemen erabakiak.
EB barruko babesarena ez da, ordea, Georgievaren hautagaitzak gainditu behar duen hesi bakarra. Georgievak 66 urte ditu, eta NDFren barne araudiak dio hautatutakoan zuzendariak gehienez 65 urte izan behar dituela.
Aurretik lehia utzi zuten beste hautagaiek. Lehenik, bozketa hasi aurretik, Mario Centeno portugesak, eta haren ondoren, ikusita babes gutxi zutela, Elena Calviño espainiarrak eta Olli Rehn finlandiarrak.