Ezohiko egoera bati aurre egiteko, ezohiko politikak indarrean jarriko dituzte Europako Batasuneko gobernuek. Eta EBn, azken urteetako politika izan da aurrekontuak nahitaez orekatu egin behar zirela eta defizita ahal bezainbat txikitu. Politika horren bultzatzaile nagusia, Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, gerrikoa askatzeko prest azaldu da gaur. «Ez diogu geure buruari egunero galdetuko zer ondorio duen geure defiziterako. Egoera ezohikoa da. Eta beharrezkoa den guztia egingo dugu».
Eskuzabaltasun hori baliatzeko, lehen lerroan Italiako Gobernua jarri da. Gaur eskatu dio Europako Batzordeari defizita %2,2tik %3,3ra handitu ahal izatea, 25.000 milioi euro erabili nahi dituelako koronabirusaren aurkako borrokan. Espero da eskaera hori eta beste kide batzuek egindakoa luze gabe onartuko dituela EBk —datorren aste hasieran Ekofinek bilera du—. Oztoporik ez du espero Merkelek berak: «Nik uste dut Egonkortasun Itunak nahiko malgutasun baduela ezohiko egoeretarako. Horrek esan nahi du ezin diogula Italiari ezezkorik esan bere osasun sisteman dirua inbertitu nahi badu, soilik zor aldetik arau batzuk ditugulako. Egoera berezia da».
Alemaniako Gobernuak joan den igandean aurkeztu zuen plan bat, baina nahiko apala. Kurzarbeit politika zabaldu nahi du, hau da, enpresei laguntzak ematea langileek lanaldia murriztu ditzaten, langileak kaleratu gabe.
Merkelek erabilitako hitzek gogora ekarri dute 2012an Mario Draghi Europako Banku Zentraleko orduko presidenteak 2012an esandakoak, zorraren krisiaren ondorioz eurogunearen beraren iraupena kolokan zegoenean. «Beharrezkoa den guztia egingo dugu, eta sinets iezadazue, nahikoa izango da», agindu zuen Draghik, merkatuak lasaitu zituen, eta egoera onbideratzeko sustraiak jarri zituen.
EBZren bilera
Antzeko egoera batean legoke orain eurogunea eta Europako Batasun osoa, ekonomista askok ohartarazi dutenez. Oharra egin dutenen artean dago Christine Lagarde EBZko presidentea. Atzo gauean larrialdi dei bat egin zien EBko gobernuei. «Premiazko neurriak eta koordinatuak» eskatu zizkien, halakorik orain hartu ezean «2008ko krisiaren antzeko egoera bat» izan litekeelako Europan. Hau da, sektore guztiei eragingo liekeen krisi luze eta gogor bat. Erantzun egokia emanez gero, kolpea aldi baterako bakarrik izango dela uste du Lagardek.
EBZk gaur bertan du aukera borroka horretan bere ekarpena egiteko. Ezin du egin Erreserba Federalak joan den astean eta Ingalaterrako Bankuak gaur egindakoa, hau da, interes tasa ofizialak puntu erdi jaitsi, eurogunean interesa %0n baitago 2016az geroztik. Banku zentralak har ditzakeen neurrien artean gehien aipatu dira likidezia lerro gehiago irekitzea bankuentzat enpresa txikiak finantza ditzaten, zorra erosteko programa zabaltzea —azaroaz geroztik 20.000 milioi euroren zorrak erosten ditu hilero—, eta bankuek dirua EBZn gordetzearen truke ordaintzen duten %0,4ko interesa %0,5era igotzea.
Europako Batzordeak atzo iragarri zuen 25.000 milioi euroren funts bat sortuko zuela krisiaren kalteei erantzuteko. AEBetan, beste bide bat hartu nahi du Donald Trumpek: urtea amaitu arte eten nahi du errenta zergaren ordainketa. Ikusteko dago Kongresuak onartzen ote duen, hauteskundeei begirako neurritzat dutelako.
Euskal Herrian ere bai
Euskal Herrian ere neurriak hartzeko prestatzen ari dira gobernuak, baina oraindik ez dute neurri zehatzik hartu. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du gaur 300 milioi euroren funts bat prestatzen ari direla osasun eta hezkuntza arloetan izango diren gastu gehigarriak ordaintzeko. Halaber, familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko dirua izango da.
Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du neurri batzuk prestatzen ari dela. Ezer iragarri aurretik, ordea, «egoeraren bilakaera» aztertu nahi dutela azaldu du Izaskun Goñi Enpresa Politikako zuzendari nagusiak.