Negoziazio luzeen ondotik, Europako Batasuneko herrialde gehienek akordioa lortu dute bart lekualdatutako langileei ezartzen zaizkien baldintzak erreformatzeko. Eztabaida zabala izan du gaiak, eta ekialdeko Europako lau herrialdek konpromisoaren aurka bozkatu dute: Polonia, Hungaria, Letonia eta Lituania. Beste hiru abstenitu dira: Irlanda, Kroazia eta Erresuma Batua. Arauarekin aurrera jarraitzeko elkarrizketak abiatuko dituzte azaroan Europako Batzordeak, Kontseiluak eta Parlamentuak.
Lan ministroak egun osoz bilduta egon ziren atzo Luxenburgon, adostasun bat bilatzeko asmoz. Langile bat zenbat denbora egon daitekeen lekualdatuta izan da desakordio nagusietako bat. EBko txandako presidentetzak, Estoniak, 24 hilabeteko proposamen bat plazaratu zuen eztabaida hasteko, Europako Parlamentuak eskatu zuenari jarraituz.
Herrialde talde bat, Frantzia eta Alemania buru, aurka azaldu zen, eta epe hori urtebetera mugatzea exijitu zuten, berez lekualdatutako lanak soilik aldi baterakoa izan behar duela argudiatuta. Azkenean, eskatutakoa lortu dute, baina murrizketarekin kritikoak ziren herrialdeak limurtzeko moldaketa batekin. Asko jota hamabi hilabete izango dira, baina zerbitzu emaileak sei hilabetez luzatzeko aukera izango du, arrazoiak justifikatzen baditu. Epe hori igarota, joan den herrialdeko langile arrunt bihurtuko lirateke, eskubide eta betebehar guztiekin.
Akordioak, halaber, araua indarrean jartzeko epea ezarri du. Hiru urte izango dituzte herrialdeek arauaren aldaketak euren legedi nazionaletara egokitzeko, eta lau urteko trantsizio epea ezarri da indarrean sartzeko. Ekialdeko herrialde askoren eskaera zen trantsizio epe luzea edukitzea. Jatorriko proposamenean baino urtebete gehiago izatea lortu dute.
Garraioa, neurrietatik kanpo
Garraio sektorea izan da azken txanpan akordioa arriskuan jarri duen gaia. Espainiak, Portugalek, Irlandak, Hungariak, Poloniak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak, Errumaniak eta Bulgariak eskatu zuten lekualdatutako langileentzako arau berriak ez aplikatzea sektoreko langileei, bereziki transitoan daudenei. Garraiolariei eman beharreko tratua eztabaidatzen ari dira Bruselak mugikortasunari buruz aurkeztu dituen proposamenen barruan, eta hortik iritsi da irtenbidea. Garraio sektoreko langileei ez zaie araua ezarriko eztabaida hori amaitu arte.
Ezartzeko moduari buruz desakordio sakonak egon badira ere, Europako Batzordeak erreformarekin lortu nahi zuen helburu nagusia aurrera atera da. Lan bera leku berdinean egiten duten langileek ordain bera eskuratu behar dute. Orain arte, lekualdatutako langileei soilik joan diren herrialdeko gutxieneko soldata kobratzea bermatzen zitzaien.
Lekualdatutako langileak enpleguaren %1 baino gutxiago dira batasunean. Hala ere, zalaparta handia piztu du gaiak hainbat herrialdetan. Askok mehatxu gisa ikusten dituzte, lan bera askoz ere merkeago egitea baimenduta dutelako, eta dumping soziala erraztu izan duela leporatu zaio arauari. Bruselak berak onartu du sektore batzuetan %50 gutxiago kobratzen dutela atzerritik bidalitako langile horiek. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gai honen erreforman lidergoa hartuko zuela agindu zuen, kargua hartu bezain pronto.