Bihar, tiro bat oinean har dezakete bankuek, Europako Batasuneko Auzitegiak botea. Eta arnasa, hipoteka bat IRPHari loturik daukaten herritarrek; Euriborra erreferentzia gisa ez edukitzegatik pagatu duten alde osoa edo zati bat berreskuratu ahal izango duten jakingo dute.
Haien eguneroko ekonomian eragin handia izango du erabakiak: IRPH indizea dela eta, hilero 250-300 euro gehiago ordaindu dute urte askoan. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, hipoteka bakoitzagatik batez beste 20.000 euro inguru. IRPH Stop plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1,3 milioi kaltetu inguru daude. Kutxabankek, adibidez, 727 milioi ditu mailegaturik indize horrekin.
Dena den, biharko epaia bezeroen aldekoa izanda ere, ez litzateke bidea amaituko. Izan ere, EBko epaitegiak erabaki behar du IRPHa Europak ezarritako estandarren barruan dagoen ala ez, abusuzko klausulei dagokien arautegia eskuan duela. Alegia, zoru klausulen auzian eta hipoteken gastuen klausuletan egin zuen moduan. Baina horren aplikazioa Espainiako auzitegien esku geratuko da.
Azken hitza, Auzitegi Gorenak
Luxenburgoko epaileek baietz ebatziko balute ere, abusuzkoa dela, Espainiako auzitegiek kasuan-kasuan ikusi beharko lukete halakorik dagoen ala ez, eta, hala badagokio, bankuek bezeroei itzuli beharreko kopuruak zehaztu beharko lituzkete.
Aukera bat litzateke, IRPHa indizea duten hipotekak interesik gabe geratzea. Edo Euriborra ezartzea indize berri gisa. Edo besteren bat. Eta kasu horietan, batez ere, jakin beharko litzateke bi indizeen arteko aldea atzerako eraginez itzuli beharko litzatekeen ala ez. Ikusteko dago Europako auzitegiak horri buruz argibiderik ematen duen ala Espainiako epaileen esku uzten duen hori.
Hori dela eta, eta auzitegietara irits daitekeen demanda uholdea ikusita, gerta daiteke Probintzia Auzitegietako epaileek Auzitegi Gorenari eskatzea Europako ebazpena nola bete; eta orain arte, behintzat, Gorenak bankuen alde jokatu du beti, indizea ofiziala zela argudiatuz eta abusurik ez zela egon azpimarratuz.
Historia katramilatsua du IRPHak. Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten banku eta kutxek, esanez egonkorragoa zela. Euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRHPak, eta manipulagarritzat jo zuten bezeroek. Izan ere, bankuek beraiek kalkulatzen zuten indizea —Espainiako Bankuaren oniritziarekin—, eta, kaltetuen arabera, behar besteko gardentasunik gabe eta bezeroak egoki informatu gabe egiten zuten hori.
Milaka milioi jokoan
Oso gogorra izan daiteke bankuek jasan dezakete kolpea. Ebazpenak atzerako eraginari ateak irekiz gero, baliteke milaka milioi galtzea; Goldman Sachsen arabera, 7.000-44.000 milioi bitarte.
Luxenburgora iritsi den eztabaidaren abiapuntua Gasteizen dago, Gipuzkoako IRPH Stop plataformako abokatuek abiatutako auzibidean. Bi epaitegik arrazoia eman zioten Kutxabankeko bezero bati, eta kobratutako interes guztiak itzultzera behartu zuten bankua. Baina hark Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen, eta han arrazoia eman zioten, esanez IRPH indizea ez zela abusuzkoa.
Ebazpen horren harira, IRPH Stop plataformako abokatuek epaileei eskatu zieten Europako auzitegiari galdetzeko auziaren inguruan, eta halaxe egin zuen Bartzelonako epaile batek Europako epaitegiari, Bankiaren bezero baten kasuari buruz.