Zergak

EBko Auzitegiak Bruselaren aurka eta Irlanda-Appleren alde ebatzi du

Batzordeak Apple derrigortu zuen Irlandari 13.000 milioi euro pagatzera, legez kanpoko zerga laguntzak direla eta; baina auzitegiak bertan behera utzi du Lehia Komisariotzaren agindu hori, eta batzordeak esan du ebazpena «tentuz» aztertuko duela helegitea jarriko ote duen erabaki aurretik.

Margrethe Vestager Lehia komisarioa, 2016ko agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Xabier Martin - Paulo Ostolaza
2020ko uztailaren 15a
13:37
Entzun

Ezustea eman du Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak gaur. Baliogabetu egin du Bruselak Apple konpainiaren aurka hartutako erabaki garrantzitsu bat: 2016an derrigortu egin zuen Irlandari, 13.000 milioi euro ordaintzera hark legez kanpoko laguntza fiskalak eman zituelakoan. Hala estatu kideak nola AEBetako konpainiak helegitea jarri zuen batzordearen erabakiaren aurka, eta, espero zitekeenaren aurka, EBko Auzitegiak arrazoi eman die, eta bertan behera utzi du diru kopuru erraldoi horren ordaintzea.

Epaileak dio Bruselak ez duela lortu frogatzea Applek mesedea jaso zuenik alor fiskalean 1991tik aurrera. Batzordeak dio laguntza publikoak jaso zituela urte askoan, eta barne merkatuaren lehia desitxuratu zuela horrek. «Batzordea erratu egin zen esatean Applek estatu laguntza bat jaso zuela», dio ebazpenak. Margrethe Vestager Lehia komisarioak bi hilabete eta hamar egun izango ditu orain, ebazpenari helegitea jartzen ote dion erabakitzeko. «Tentuz» aztertu nahi du epailearen idatzia, helegitea jarriko ote duen erabaki aurretik.

14.000 milioi baino gehiago blokeaturik ditu Dublinek, Applek egindako hornidura dela eta. Epai irmoaren zain dago, funts hori ukitu gabe, asko baitu jokoan Irlandak. Auzia ez da bukatu, eta, helegite posible batek kontrako ebazpen bat ekarriko balu etorkizunean, sagarraren etxeak erabaki garrantzitsuak hartuko lituzke agian Europako merkatuari dagokionez. Applek zuzeneko 6.000 enplegu baino gehiago ematen ditu Irlandan, herrialde horrek alor fiskalean ematen dion mesede tratua tarteko.

EBko Auzitegi Nagusiak kontrako erabakia hartzea arriskutsua zen Irlandarentzat. Batetik, halako zigor batek egoitza irlan duten beste multinazional batzuk ikaratu zitzakeelako; eta, bestetik, 14.000 milioi euro horien zati bat eskatzen has zitezkeelako Europako beste herrialde batzuk. Zerga horiek, nagusiki, Applek EBko gainontzeko lurraldeetan duen jardunaren emaitza dira.

AEBetako enpresak, ordea, pozarren hartu du auzitegiaren erabakia: «Atseginez hartu dugu. Harro gaude munduko zergadunik handienak izateaz, badakigulako zergak ze garrantzitsuak diren gizartearentzat; horregatik, Applek 88.000 milioi euro baino gehiago ordaindu ditu zergetan azken hamarkadan».

Irlandak ere ontzat jo du sententzia. Hango finantza departamentuak adierazi du beti izan duela argi Applek ez zuela izan  inolako onura fiskalik, eta Irlandako arauek ezartzen duten adina zerga ordainarazi zizkietela.

Mozkinen %0,005

Erabakia hartu aurretik, hiru urtez jardun zen ikertzen Europako Batzordea. Vestagerren arabera, erabakia ez zen zigor bat, «ordaindu gabeko zergak ordaintzea» baizik, baina konpainiak eta gobernuak ziurtatu zuten ebazpena Europaren kalterako izango zela: «Efektu sakona eta kaltegarria izango du inbertsioan eta Europako enplegu sorreran», ohartarazi zuten.

Bruselaren arabera, 2003. urtean %1 ordaintzen zuen Applek zergetan, baina kopuru hori urtetik urtera murriztu zen, eta 2014. urtean mozkinetatik %0,005 baino ez ordaintzea baimentzeraino iritsi zen irlako ogasuna. Hau da, irabazitako milioi garbi bakoitzeko, 50 euro baino ez zituen pagatu multinazionalak.

Irlandako ogasunak emandako bi ebazpen dira hori eragin zutenak: 1991. urtean tax ruling (zerga agindu) bat onartu zuen, eta 2007. urtean beste bat, Applek zergak nola ordainduko zituen finkatzeko. Biak dira legez kanpokoak, Bruselaren ustez, zerga faktura artifizialki murriztea ahalbidetu zutelako. Funtsean, bi filial ezarri zituen multinazionalak Irlandan, eta Europan izandako irabazi ia guztiak hara bideratzen zituen. Ondoren, irabazi horiek «bulego nagusi» bati egozten zitzaizkion, eta ezin zituzten beste inon zergapetu. Haatik, bulego horiek soilik paperean existitzen ziren, ez zuten inolako jarduerarik eta ezin ziren izan irabazi horien erantzule. Eskema horri esker, Applek ez zuen ia deus ordaindu behar.

Beste ikerketa bat

Irlandako zergen auziaz gain, Brusela Apple ikertzen ari da lehia arauak hausten ari ote den jakiteko. Suediako Spotify musika zerbitzaria kexatu zen; gakoa dira Apple Store aplikazioan dendaren erabileran eta Apple Pay pagatzeko zerbitzuan Applek inposatzen dituen baldintzak. Salaketaren arabera, lehiakideei ez lieke aukerarik utziko zerbitzu horien kontratazio baldintzak tarteko, eta Apple Pay erabiltzen duten merkatariei eta bezeroei abusua egingo lieke. Ikusteko dago Brusela prest dagoen berriro Apple zigortzeko.

Google da Europako Batzordeak isun erraldoiak ezarri dizkion AEBetako beste konpainia bat: guztira, 8.257 milioi euro azken hiru urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.