Europako Batasuna

EBko kideei laguntza zuzena eman ahal izatea proposatu dute Merkelek eta Macronek

Europako Batzordearen aurrekontua bilioi erdi bat euro handitu nahi dute, sektore eta eskualde kaltetuenei banatzeko. Laguntza ez da mailegu bat izango, transferentzia bat baizik.

Emmanuel Macron eta Angela Merkel, bideokonferentzian. ANDREAS GORA / EFE
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 18a
19:58
Entzun

Alemaniak eta Frantziak hartu dute berriro ere Europako Batasunaren lema. Ikusita EBko 27 kideak ez zirela ados jartzen, proposamen bateratu bat egin dute koronabirusaren krisiak sortuko dituen kalteetako batzuk funts komun batekin konpontzeko. Bilioi erdi euro izango lituzke funts horrek, hegoaldeko estatuek eta Europako Parlamentuak eskatzen duten baino gutxiago, baina haien beste eskaera nagusia beteko luke: dirua ez da mailegu gisa iritsiko, transferentzien bidez baizik. Hau da, laguntza jasotzen duenak ez duela ezer itzuli beharko.

Maileguak dira orain arte EBk onartu dituen beste hiru laguntza lerroak: ESM erreskate funtsaren 240.000 milioi euroak, Europako Inbertsio Bankuaren 200.000 milioiak eta Sure langabezia sariak pagatzeko Batzordearen programaren 100.000 milioi euroak.

Berlinen eta Parisen ekinaldiak Europako Batzordearen teilatuan jarri du pilota. Hari dagokio bere proposamena egitea, hilaren 27an. Baina Merkelen eta Macronen urratsak erraztu egin du Bruselarena, orain laguntza baitu transferentziekiko uzkurren ziren herrialdeen erresistentzia agortzeko, hala nola Herbehereena, Austriarena eta Finlandiarena. Talde horretan zegoen Alemania ere, orain arte.

«Eskertu egiten dut Frantziaren eta Alemaniaren proposamen eraikitzailea. Onartu egiten du Europak erronka ekonomikoaren neurria, eta hari aurre egiteko irtenbidea EBren aurrekontua dela nabarmentzen du», azaldu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak, Merkelen eta Macronen agerraldia amaitu bezain pronto.

Merkatuetan bildu

Hain zuzen ere, kantzilerrak eta presidenteak proposatu dute Europako Batzordeak 500.000 milioi euro handitzea bere aurrekontua. Diru hori merkatuetan bilduko luke Bruselak, EBko kide guztien bermearekin. Behin dirua bilduta, «epe motzean gastatu beharko luke, eta epe luzean itzuli», Merkelek zehaztu zuenez.

Nork ordainduko du diru hori? Proposamena irekia dagoela esan dute Alemaniako eta Frantziako agintariek, baina iradoki dute modu zuzenena litzatekeela herrialde bakoitzak EBren aurrekontuan egiten duen ekarpenaren araberakoa izatea. Horrek ekarriko luke Alemaniak, Herbehereek eta, oro har, herrialde aberatsek, gehiago jarriko luketela  jasoko luketena baino.

Dirua «krisiak gehien zigortutako sektoreek eta eskualdeek» jasoko luketela esan du Macronek, gehiago zehaztu gabe. Horrek berekin ekar dezake diruaren parte handi bat Mediterraneo inguruan geratzea, han iragarri baitute guztiek ekonomiaren erorikorik handiena, proportzionalki hildako gehien dutenak izateaz gainera haiek dutelako turismoarekiko menpekotasunik handiena. Aeronautikak ere kolpe handia hartudu, aire trafikoa ia erabat eten delako bi hilabetez, eta ez delako bat-batean leheneratuko, bidaiatzeko mugak oraindik indarrean baitaude.

Beren agerraldian, Merkelek eta Macronek «osasunaren Europa» sortzeko garaia iritsi dela azaldu dute. Hau da, batasunak berreskuratu egin behar duela osasunarekin lotutako zenbait produkturen produkzioa, hala nola maskarena eta testena, krisiak erakutsi baitu Txinako ekoizpenen erabat menpeko dela. Beste hainbat «sektore estrategiko» ere berriro kontinentera ekarri nahi dituzte. «EB ez da itxi behar, baina ezin da hain inozentea izan», adierazi du Macronek. Beste lehentasun bat trantsizio ekologikoa da, Alemaniaren eta Frantziaren iritziz: «Itun Berdea ez dugu ahaztu behar; kontrakoa, bizkortu behar dugu».­

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.