Finantza sistemaren gehiegikeriek krisia eragin zutenetik Europako Batasunean bolo-bolo dabilen ideia da finantza eragiketei tasa bat ezartzea. Lau urte igaro dira, halako tasarik gabe jarraitzen du Europak, eta atzo Ekofinen gertatutakoa ikusita, gutxienez beste hainbat egingo ditu. Sentimendua ongi laburbildu zuen Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak: «Nire bizitzako egunen batean ikusiko dut».
EBko finantza ministroak zerga horren beharrari buruz zatiturik azaldu ziren atzo ere. Alde batetik, Frantzia eta Alemania daude, espekulazio hutsa eragozteko transakzioa eraginkorra izan daitekeela defendatzen. Bikoteak beste zazpi estatu kideren sostengua jaso zuen atzo: Austria, Belgika, Eslovenia, Espainia, Grezia, Finlandia eta, neurri apalago batean, Irlandarena ere. Beste aldean, Erresuma Batua eta Suedia daude, alboan Txekiar Errepublika, Malta, Zipre eta Bulgaria dituztela. Haien artean, beste zazpi gobernuk denbora gehiago eskatu dute erabaki bat hartzeko: danimarka, Errumania, Eslovakia, Herbehereak, Italia, Letonia eta Luxenburgo.
Londresko Cityko finantza sektorea —Europako garrantzitsuena— babestu nahian, George Osborne Erresuma Batuko Finantza ministroa da kontrakoen bozeramaile sutsuena. Haren iritziz, Europak halako tasa bat ezartzeak milioi erdi lanposturen galera ekarriko luke, finantza sektorea tasarik gabeko beste herrialde batzuetara joango litzatekeelako. Berez, mundu osoan tasa ezartzea «ona» litzatekeela ziurtatu du Osbornek, «baina hori ez da gertatuko». «Pentsaezina da ni bizi artean AEBek, Txinak edo Singapurrek halakorik egingo dutela ikustea». Gainera, Osbornek uste du «banku bakar batek ere» ez lukeela pagatuko eta «pentsiodunen gaineko zerga» bilakatuko litzatekeela.
Suedia ere aurka dago. Antzeko tasa bat izan baitzuen 90eko hamarkadan eta bertan behera utzi zuen.
«Ezer ez egiteko aitzakiak»
Europako Batzordea, berriz, tasa bat ezartzearen alde dago eta egin du bere proposamena: akzioen eta bonuen salerosketari %0,1eko tasa ezarri nahi dio, eta %0,01 finantza produktu deribatuen transakzioei. Bruselak uste du urtean 57.000 milioi euro bil daitezkeela horrela, eta 2014ean indarrean jartzea eskatu du.
Ildo horretatik, «bizkor» jokatzeko eskatu du Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak, eta gogor kritikatu du Londresen argudioa: «Ezer ez egiteko aitzakiak dira horiek. Hogei urtez itxaron beharko dugu ezer egiteko, baldin eta planeta honetako azken uhartearen zain geratzen bagara». Erresuma Batuaren eta Suediaren jarrera ikusita, Schaublek ez du guztiz baztertu finantza eragiketen gaineko tasa euroa darabilten herrialdeetan soilik ezartzea, nahiz eta kezka azaldu duen neurri horrek ez ote lukeen EB barruko zatiketa handituko. Austriako Finantza ministro Maria Fekterrek argi eta garbi defendatu du eurogunean indarrean jartzea.
EBko ministroek ez dute akordiorik lortu finantza eragiketei tasa bat jartzeko
Erresuma Batuaren betoa ikusita, indar hartzen ari da euroaren eremuan soilik ezartzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu