Hamar urte igaro ondoren, krisiaren hasierarako mailara itzultzen ari da langabezia Europako Batasunean. 2018ko otsailean, EBko biztanle aktiboen %7,1 zeuden lanik gabe, 2008ko irailean bezainbeste. Guztira, 17,63 milioi dira, urtarrilean baino 200.000 gutxiago, eta duela urtebete baino ia bi milioi gutxiago.
Langabezia tasa handiagoa da euroaren eremuan, han baitaude proportzionalki langabe gehien biltzen dituzten hiru herrialdeak: Grezia (%20,8), Espainia (%16,4) eta Italia (%10,9). Euskal Herria ere langabezia tasa handiko talde horretan legoke, Gaindegiak %10,2ko tasa eman baitzuen 2017. urtearen amaieran. Beste muturrean dago Txekia (%2,4).
Eurogunearen kasuan, 2008ko abenduko mailara jaitsi da langabeen portzentajea. 13,91 milioi dira, urtarrilean baino 130.000 gutxiago.
EBko batezbesteko tasak aise gainditzen dituzte gazteek (%15,9) eta emakumeek (%7,4).