Txinarekin eta ezik, Europako Batasunarekin merkataritza gerra handitzeko asmoa du Donald Trump AEBetako presidenteak. Txio baten bidez mehatxu egin du EBko auto guztien inportazioei %20eko muga zerga bat ezartzeko aukera. Horren bitartez batez ere lagundu nahi ditu bere herrialdeko luxuzko autogileak, hala nola, Cadillac eta Lincoln.
Gaur egun, EBn ekoitzi eta AEBetan saltzen diren Mercedes, BMW eta beste autoek %2,5eko tarifa ordaintzen dute. Baina Trump kexu izan da AEBetan egindako kotxeek %10eko muga zerga ordaintzen dutela EBn. Bruselak erantzun dio beste arlo batzuetan tarifa handiagoak ordaintzen dituztela Europako produktuek AEBetan, AEBetakoak Europan baino.
Ekainaren 1etik indarrean dira AEBek EBko altzairu eta aluminio inportazioei ezarritako muga zergak —%25 eta %10, hurrenez hurren—, baina askoz eragin handiagoa izango luke autoei ezarritako tarifak, autogintza baita kontinente zaharreko industria indartsuena. Bereziki kalte egin diezaieke autogile alemaniarrei —Mercedes, BMW, VW taldea—, haienak baitira AEBetan saltzen diren auto europar gehienak. Horregatik, Trumpen txioak argitaratu eta berehala, kolpe ederra jaso dute burtsan.
Euskal Herrira ere irits daiteke olatua. Iaz, 6.000 furgoneta bidali zituen Daimlerrek Gasteiztik AEBetara. 120 milioi euroko esportazioak dira. Mercedesek Charlestonen egiten ditu azken muntaketa lanak. Baina baliteke horrekin ere ez libratzea. Volkswagenek ez du Landabengo Polorik saltzen AEBetan, ordea. Ikusteko dago balizko muga zerga horrek autoen osagaiei ere nolabait eragingo ote liekeen, horietan ekoizle oso garrantzitsua baita Euskal Herria.