Trumpek esan du %50eko muga zergak ezarriko dizkiola EBri ekainaren 1etik aurrera

AEBetako presidenteak adierazi du EBrekin dituen elkarrizketak ez doazela inora. 'Askatasunaren egunean' ezarritako muga zergak halako bi baino gehiago igoko lirateke.

Donald Trump gaur, Virginiara joateko helikopteroa hartzear. SAMUEL CORUM / EFE
Donald Trump gaur, Floridara joateko helikopteroa hartzear. SAMUEL CORUM / EFE
Irune Lasa.
2025eko maiatzaren 23a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mehatxuka hasi da berriz Donald Trump. Hitz gogorrak erabiliz, «elkarrizketak ez doazelako inora», AEBetako presidenteak esan du, Truth Social bere sare sozialean, %50 muga zergak ezarriko dizkiola ekainaren lehenetik Europako Batasunari.

Bere ohiko prosarekin aipatu ditu Europarekin dituen arazoak: «Merkataritza oztopoek, BEZ zergek, enpresen kontrako zigor barregarriek, monetarioak ez diren hesiek, manipulazio monetarioek, AEBetako enpresen kontrako auzi bidegabe eta justifikazio gabeek merkataritza defizita sortu dute AEBekin, 250.000.000 dolarrekoa. Onartezina».

Trumpek berriz ere esan du AEBei kalte egiteko sortu zela Europako Batasuna: «Merkataritzan Estatu Batuez aprobetxatzeko helburu nagusiarekin eratu zen Europako Batasuna, eta oso zaila izan da tratatzea».

«Haiekin ditugun elkarrizketak ez doaz inora! Horregatik, 2025eko ekainaren1etik aurrera, Europako Batasunaren gainean %50eko muga zerga zuzena ezartzea gomendatuko dut. Ez da muga zergarik izango produktua AEBetan fabrikatu edo manufakturatzen bada. Eskerrik asko zuen arretarengatik, gai honetan!», esanez bukatu du mezua.

Eta berehala asaldatu dira finantza merkatuak Europan: Stoxx Europe 600 indizeak %2,1 egin du behera.

Apirilaren 2an, askatasunaren egun ezagunean, Europarentzat %20ko elkarrekiko muga zergak iragarri zituen Trumpek. Gero, apirilaren 9an, atzera egin zuen, 90 eguneko etenaldi bat iragarriz, eta muga zerga orokor horiek %10era murriztuz epe horretarako. Hasierako muga zerga haiek bikoiztu baino gehiago egingo lirateke gaur Trumpek esandako kopurua indarrean ezarriko balitz.

Trumpek esandakoen harira, 90 eguneko etenaldi horren erdia pasatu den honetan, printzipioz muga zergen inguruko negoziazioaren arduradun Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak esan du «fede onez» negoziatzen duten herrialdeentzat direla 90 egun horiek, eta Europako Batasuna ez dela horrela ari.

Bessenten arabera, «akordio gehiagoren iragarpenak» iritsiko dira 90 eguneko epe horretan. Kontua da, ordea, oraingoz etenaldiak eta luzapenak izan direla Trumpek herrialde nagusiekin adostutako bakarrak.

Oro har, herrialdeek ikusi dute ez dagoela zertan presa berezirik izan Trumpen eskakizunei erantzuteko, eta AEBetako presidenteak atzera egiten duela bere burua larri ikusten duenean. Hori gertatu da Txinarekin.

Batasuneko iturrien arabera, AEBen azken proposamena ez da batere errealista, eta aldebakarrekoa da, erabat. Europak, berriz, esan du elkarlanerako proposamenak egin dituela.

Asiako herrialdearekin %145eko muga zerga ezinezkoak apaltzea eta negoziazioetarako epea zabaltzea onetsi zuen azkenean Etxe Zuriak, ikusita Txinako produktuen falta laster igarriko zela saltokietako apaletan eta prezioetan, eta arriskuan zeudela AEBetako hainbat enpresak garai honetan Eguberrietarako egiten dituzten erosketak. Ikusteko dago Trumpek Eguberriak salbatuko dituen ala ez, baina argi dago harekin negoziatzean merezi duela itxarotea.

Europako Batasunak AEBekin elkarrizketan jarraitu du bitarte honetan, eta gaur arratsaldean Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa AEBetako ordezkari Jamieson Greerekin hitz egitekoa da telefonoz. Dena den, Batasuneko iturrien arabera, AEBen azken proposamena ez da batere errealista, eta aldebakarrekoa da, guztiz. Europak, berriz, esan du elkarlanerako proposamenak egin dituela.

Europaren estrategia

Asteazkenean, Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak esan zuen ezinezkoa dela Europarekin negoziatzea. «Badakizu, Alemaniari gustatuko litzaioke akordio bat egitea, baina ez diote uzten». Bessentek berak ere aurreko astean aipatu zuen EBk «ekintza kolektiboan aritzeko arazoak» dauzkala.

Ez didate uzten hori, dena dela, Europaren estrategia izan liteke elkarrizketak luzatzeko, Trump erretzen den bitartean berak piztutako sutean, nahiz eta Europak berak ere muga zergak nozitu, eta batez ere AEBetako presidentearen gorabeherek sortutako ziurtasun falta sufritu.

EB gero eta ozenago ari da azaltzen AEBek EBrekin duten merkataritza defizita ondasunen gainekoa dela, eta zerbitzuetan zenbakiak alderantzizkoak direla. Horrez gain, Europako Batzordeak lanean jarraitzen du erasorik balego nola erantzun prestatzeko. Dagoeneko planak landu ditu muga zergak ezartzeko AEBen 95.000 milioi euroren esportazioei. Eta Hertsatzearen Kontrako Tresna ere prest dauka, besteak beste jomugan jarrita Europan zerbitzuak eskaintzen dituzten Estatu Batuetako konpainia teknologiko handiak.

Apple ere Trumpen helburu

Iphone telefonoak AEBetan fabrikatu behar dituela esan dio Trumpek Apple konpainiari, bere sare sozialean: «Aspaldi esan nion Appleko Tim Cooki espero dudala AEBetan salduko dituen iPhoneak Estatu Batuetan fabrikatu eta muntatuko direla, ez Indian eta ez beste inon». Apple konpainiak orain gutxi iragarri du asmoa duela iPhoneen ekoizpenaren parte bat Txinatik Indiara aldatzeko, hain zuzen AEBek Txinari ezarritako muga zergak saihesteko. Trumpek, ordea, uste du telefono horiek AEBetan egin behar direla, nahiz eta herrialdean ez egon horretarako beharrezko azpiegitura eta langile kualifikaturik. Trumpek %25eko muga zerga ezartzeko mehatxua egin dio Appleri, zeinak urtean 60 milioi iPhone saltzen dituen AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.