Errioxa sor-markaren krisia

Ebrotik behera ere, urak nahasi

Errioxako upategi txikiek jatorri izeneko kontseilu arautzailetik irtetea erabaki izanak agerian utzi du sor-markaren krisia Arabatik harago doala. ABRAk ere mahaitik altxatu edo ez erabakiko du laster. Barne demokrazia falta dela leporatzen diote upategi txikiek Errioxako sor-markari.

Guardiako Gil Berzal upategiko mahastietan joan den astean hasi ziren mahatsa biltzen. BERRIA.
Aitor Biain - Iñaut Matauko Rada
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Urak aspaldian zeuden nahasita Errioxa jatorri izenaren barruan. Upategi eta mahastizain txikiak lehen ere kexu ziren sor-markaren kudeaketa ereduarekin. Txikienek salatu izan dute egungo estrategiak handiei baino ez diela egin mesede, kantitatea hobetsi dutelako kalitatearen kaltetan; eta ohartarazi dute haien negozio eredua ataka estuan jarri duela horrek, ardoa merkeegi saltzera behartu dituelako. Arabako upategi txikiek ordezkatu izan dute haserrearen ahots hori orain arte, eta horren adibide da sor-marka utzi eta zigilu berria sortzeko ahalegina, hain zuzen ere. Baina Ebro ibaitik behera ere desadostasuna uste baino orokorragoa dela agerian geratu da orain.

Ikusi gehiago: Mahats bilketan jo eta su

Izan ere, Arabako upategi txikiak ez ezik, Errioxakoak ere ez daude gustura jatorri izenaren kudeaketarekin. Eta horren adibide da Errioxako Familia Upeltegien Elkarteak hilaren hasieran hartutako erabakia: sor-markako kontseilu arautzailetik irte n dira, erakunde horren estrategiak haien negozio ereduari kalte egiten diola argudiatuta. Ez dute zigilua utzi, soilik hari buruzko erabakiak hartzen diren mahaian gehiago ez esertzea erabaki dute.

Erabakiak badu pisua, nolanahi ere; izan ere, 216 upategik osatzen dute elkartea —742 dira denera Errioxa zigiluaren barruan—, nahiz eta mahaian ordezkaritza txikia duten, %4. Oso kritiko azaldu dira kontseilu arautzaileak urte luzez izan duen jardunbidearekin, eta gaitzetsi dute, «saiatu arren», ez dutela jatorri izenaren inguruko erabakietan eragiteko gaitasunik jada: «Ez gara gai Errioxaren norabidea kalitatezko eredu batera bideratzeko».

Argi nabarmendu dute hura dela sektoreak egun bizi duen krisiaren arduradun nagusia: «Ziur gaude Errioxaren eta bertako upategien eta mahastizainen egungo egoera desberdina izango zela baldin eta azken urteotan jarraitutako politika gehiago arduratu izan balitz mahatsen, ardoen eta lurraldearen balioa babesteaz, mahats eta ardo gehiago ekoizteaz baino».

Argi utzi dute ez dutela sor-markaren aterkia utziko, sinetsita baitaude izenak oraindik baduela nahikoa sona munduan kalitatezko ardoaren ordezkari izateko. Baina azpimarratu dute horretarako egungo ereduarekin amaitu beharra dagoela, marko horrekin jarraitzea ezinezko bilakatu delako upategi txikientzat.

ABRAren erreakzioa

Arabako upategi txikien ustez erabakiak agerian utzi du Errioxak «arazo bat» duela, eta haiek azken urteetan behin eta berriz ohartarazi dutena berretsi baino ez du egiten. Itxaso Compañon ABRAko presidenteak uste du Errioxa sor-marka utzi eta Arabako Mahastiak zigilu berria sortzearen atzean «arrazoi politikorik» ez dagoela egiaztatzen duela horrek: «Gure ezberdintzeko modua zerbait politikoa zela entzun behar izan dugu behin eta berriz azken urteetan, baina ikusi da, argi eta garbi gainera, upategi txiki eta ertainek ez daukagula lekurik jatorri izenean, eta ez gaudela gustura bertan».

Compañonek ez du uste erabakiak ezer aldatuko duenik, dena den. Are gehiago, ohartarazi du kaltegarri ere izan daitekeela Errioxako upategi txikiak mahaian ez egotea. Izan ere, haiei dagozkien botoak Grupo Rioja taldean bildutako upategi handien esku geratu dira orain: «78 boto izatetik 85 izatera pasatu zen taldea astebeteko epean». Haiek kontrolatzen dute jatorri izena.

Kontseiluko botoak hektarea kopuruaren eta ekoizpen ahalmenaren arabera banatzen baitira upategien artean. 200 boto ditu guztira mahaiak, ehun upategiei dagozkie eta beste hainbeste ekoizleei (kooperatibei eta sindikatuei). Horietatik 150 behar dira erabaki bat onartu ahal izateko. Esan daiteke, beraz, Grupo Riojak beto eskubidea duela erabakietan, haien botoak ezinbestekoak baitira oinarrian.

Horiek horrela, Compañonek adierazi du Arabako Mahastiak zigilua dela Arabako upategi txikiek Errioxatik desberdintzeko duten «aukera bakarra», EAEko Auzitegi Nagusiak haren behin-behineko erabilera etenda duen arren: «Beste aukera guztiak ezinezkoak dira oraintxe bertan».

Bada, hori argitu artean irtenbiderik ba ote duten galdetuta, Compañonek iragarri du ABRAko kideek ere Errioxa sor-markako kontseilu arautzailean jarraitu edo ez aztertuko dutela: «Egun horretan landuko dugu gaia, bai. Une honetan mahai gainean dugun aukera bakarra da», zehaztu du. Urriaren 24an egingo dute batzarra.

Upategi bat, boto bat

Errioxa sor-markaren krisiak eztanda orain egin badu ere, arazoak lehenagokoak dira. Guardian upategi txiki bat du Saul Gilek, eta dio duela 30 urte guztiz aldatu zela jatorri izenean lan egiteko era: «Duela 30 urte ardoaren booma egon zen, eta leku guztietan hasi ziren landatzen, mahastientzat egokiak ez diren lurretan. Gainera, orduan landatu ziren klonak orain daude ekoizpen punturik gorenean. Bolumenari eman zaio garrantzia, eta ez kalitateari».

Gilen ustez, joera oso garbi bat hartu du Errioxako jatorri izenak, eta upategi txikiak erabakitzeko ahalmenik gabe geratu dira: «Oso zaila da politika guztiek noranzko jakin bat duten kontseilu batean lan egitea, non txikiez eta kalitateaz ahazten diren. Izan ere, orain gauden moduan gaude bolumenagatik. Dena da bolumena handitzea, eta hortik datoz arazoak».

Barne demokrazia arazo handi bat du sor-markak, Gilen ustez, eta ez du uste konponduko denik. Izan ere, aipatu duen moduan, sor-markaren Kontseilu Arautzailean botoak hektarea kopuruaren eta ekoizpen bolumenaren arabera banatzen dira. Gilek garbi du: «Upategi edo elkarte bakoitzak boto bat izan behako luke».

Hala ere, Compañonek egin duen moduan, garrantzia kendu dio Errioxako Familia Upeltegietako Elkarteak hartutako erabakiari, eta esan du Grupo Riojari eta kooperatibei botere handiagoa eman dietela: «Berdin zaie; ABRAk urteak daramatza borrokatzen, eta pareta bati burukadak jotzea bezala da. Orain familia upeltegiek alde egin dute. Eta zer? Joan zaitez, ba; haiei berdin zaie. Orain zu zoazelako gauzak aldatuko dira? Ba ez, zutaz barre egingo dute».

Konponbidea kontseiluko estatutuak aldatzea dela uste du, baina garbi du ezinezkoa dela. Hala, uste du bereiztea izango dela konponbidea. Ez daki zein izenpean izan beharko litzatekeen, baina uste du bereizketa horrek gertatu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.