EBZ, uztailean; Fed, datorren astean berriro

2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Interes tasak igotzeko garaia iritsi da Europan, nolabait eten beharko baita inflazioa. Baina Frankfurten gogoan dute diruaren prezioa garestitu zuten azken bi aldietan—2008an eta 2011n— atzeraldi baten atarian egin zutela. Orduan bezala orain ere, iragarleek ez dute halakorik espero, uste baitute koronabirusaren krisiaren errebote efektuak indartsuagoa izan behar duela Ukrainaren gerraren ondorio ekonomikoek baino.

Hein batean horrek azaltzen du EBZk beste banku zentralek baino tentu handiagoarekin jokatzea interes tasak igotzeko orduan, baina bada beste arrazoi bat: eurogunean, inflazio handiaren (%7,4) erdia-edo energia garestiaren ondorioa da, Errusiako gas eta petrolio inportazioen oso menpekoa baita. «Interesak gaur igoz gero, ez dut energiaren prezioa txikituko», argudiatu du Christine Lagarde EBZko presidenteak. Edonola ere, analista gehienek diote luze gabe igoko direla interes tasak, eta litekeena dela uztailaren 21eko bileran bertan etortzea 0,25 puntuko emendatzea.

AEBetan, berriz, ekonomia sustatzeko neurriek pisu handia dute prezioen igoeran; horregatik espero da Fed Erreserba Federalak datorren astean interes tasak puntu erdi igotzea, %0,75eraino. Ekonomia sustatzeko erositako zorra saltzen hasiko dela ere uste da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.