EBZk 22.000 milioi euro erabili ditu herrialdeen zor publikoa erosteko

Merkelek eta Sarkozyk bilera egingo dute gaur; eurobonuak sortzeaz ez dutela hitz egingo azaldu dute

Miren Garate.
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Jakinekoa zen Europako Banku Zentralak Italia, Espainia, Portugal eta Greziaren zorra erosi zuela aurreko astean bigarren mailako merkatuetan. Zenbat, ordea, ez zegoen argi. Atzo jakinarazi zuen 22.000 milioi euro erabili zituela bonuak erosteko. Datorren astean erosketa gehiago egingo dituela ere iragarri du Jean Claude Trichetek zuzentzen duen erakundeak.

Astelehenetan ematen du EBZk aurreko astean egindako operazioen berri. Hemeretzi aste zeramatzan herrialdeen zorrik erosi gabe. Joan den astean, ordea, merkatuetako ezegonkortasuna ikusita, esku hartzea erabaki zuela esan du, herrialde bakoitzari zenbat erosi dion zehaztu gabe.Adituek 15.000 milioi euroko kopurua aipatzen zuten lauren artean, baina hortik gora ibili da. Orain artean, aste bakar batean inoiz ez zuen hainbesteko inbertsiorik egin EBZk.

2010eko maiatzaren 10ean egin zuen aurreneko erosketa, Greziari laguntzeko. Eta orduz geroztik 96.000 milioi gastatu ditu. Hainbat analistaren arabera,kopurua ez da aski. Italia eta Espainia arrastoan mantendu nahi baditu100.000 milioi erabili beharko dituela diote. Kontuan hartu behar da, ordea, Alemaniak ez duela begi onez ikusten herrialdeen zor publikoa erostea.

Hain zuzen, zorra erosteko programaren aurka agertu ziren Jens WeidmannBundesbankeko presidentea eta Juergen Stark EBZko ekonomista-burua joan den ostegunean erakundeak egindako bileran. Kontrako botoa eman zuten Herbehereetako, Finlandiako eta Luxenburgoko banku zentralek ere. Oraingoz, Espainiaren eta Italiaren hamar urterako bonuen errentagarritasuna jaisteko balio izan du EBZren esku hartzeak. Atzo,%4,97an eta %4,89an zeuden hurrenez hurren; joan den astean %6ko maila gainditu zuten biek.

Aste garrantzitsua

Merkatuetako ezegonkortasuna erakusten dute datu horiek. Tentsio handikoak izan dira azken bi asteak, eta hau ere hala izango dela uste dute. Hainbat ekitaldi garrantzitsu daude aurreikusita. Gaur, Nicolas Sarkozy presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Parisen egingo duten bileran egongo da ikusminik handiena. Eurobonuak sortzeaz ez dutela hitz egingo jakinarazi dute. Gobernu bakoitzak egindako zorrak eurogune guztiaren babesa izatea bultzatuko lukete bonu horiek, eta arazoak dituzten herrialdeak dira haien sustatzaile nagusiak; Italia, kasu. Era horretan, nazioarteko finantza merkatuek herrialdeei banaka begiratzea saihestuko litzatekeela diote.

«Ez zaizkigu tresna egokiak iruditzen», esan du Merkelen bozeramaile Steffen Seibertek. Haren arabera, lan metodologia hobetzeko egin beharrezkoaz, euroguneko krisiaren kudeaketaz eta uztailaren 21eko goi bileran hartutako erabakien aplikazioaz hitz egingo dute bi gobernuburuek.

Era berean, Espainiako Altxorrak urtebeterako eta hemezortzi hilabetetarako tituluak jaulkiko ditu gaur. 5.000 milioi eurotik eta 6.000milioi bitarte lortu nahi ditu. Hasiera batean, abuztua amaitu artean enkanterik ez egitea pentsatzen zuen. EBZ herrialdearen zorra erosten hasi izanak, ordea, animatu egin du. Aurreko aldietan baino merkeago aterako zaio ziurrenik. Uztailean egindako enkantean, %3,76ko errentagarritasuna eskaini behar izan zuen urtebeterako tituluengatik, eta %3,98koa urte eta erdikoengatik. Joan den ostiralean, %2,6an eta %3,2an zebiltzan bigarren mailako merkatuan.

Horretaz gain, murrizketa neurri gehiago prestatzen jarraituko dute gobernuek. Frantzian bihar egingo dute bilera. Sarkozyk joan den astean agindu zien ministroei defizita jaisteko neurri gehiago proposatzeko. Espainiako Gobernuak, berriz, ministroen kontseilua egingo du ostiralean. Besteak beste, sozietate zerga aldatzeko eta farmazia gastua gutxitzeko dekretua onartuko dutela uste da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.