EBZk %4,5era igo ditu tasak, baina iradoki du ez duela hortik gora egingo

Lagardek ukatu egin du atzeraldi bat eragin nahian dabiltzala, baina azaldu du ez dutela etsiko inflazioa apaldu arte. Hazkunde iragarpenak bi hamarren jaitsi ditu

EBZk %4,5era igo ditu tasak, baina iradoki du ez duela hortik gora egingo.
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Igoeraren eta etenaren artean aukeratu behar zuen Europako Banku Zentralak, eta igoera aukeratu du. Interes tasak beste puntu laurden bat emendatuz, %4,5eraino, inflazioaren aurkako borroka lehenetsi du EBZk, eta bigarren mailan utzi du interes tasa handiek jarduera ekonomikoari egiten dioten kaltea. Hori bai, banku zentralak iradoki du herritarren eta enpresen patrikari beste estualdi bat emateko asmorik ez duela, eta aldi baterako mugimendurik ez duela egingo.

Atzo iragarritako igoera hamargarrena da iazko uztailean zero tasen politika alde batera utzi eta diruaren prezioa igotzeari ekin zionetik. Aurreko bileretan ez bezala, oraingoan zalantza handiak zeuden EBZren erabakiari buruz, bata zein bestea hautatzeko nahiko argudio baitzeuden. Baina, berriro ere, belatzak atera dira garaile, «gehiengo solido batekin», Christine Lagarde EBZko presidenteak azaldu zuenez.

Haren arabera, egoeraren analisian bat etorri ziren EBZko kontseiluko kide guztiak, baina ez, ordea, hari eman beharreko erantzunean. Analisi horrek dio interes tasen igoera bortitza bere helburua betetzen ari dela; gero eta modu garbiagoan, gainera. Interes tasa handien ondorioz, maileguen hazkundea moteldu egin da, eta, horri inflazioak kontsumoari egiten dion kaltea gehituta, jarduera ekonomikoa moteltzen ari da, eta, harekin batera, prezioen igoera indarra galtzen ari da.

Iazko urrian jo zuen goia inflazioak eurogunean, %10,6ra iritsi zenean. Orduz gero erdira murriztu da tasa, %5,3raino, baina abuztuan ez zen mugimendurik izan, erregaien garestitzearen ondorioz. Panorama ekonomikoa aldatu ezean, irailean, urrian eta azaroan jaitsiera nahiko handiak espero ditu banku zentralak, konparazioa iazko udazkeneko datuekin egingo delako.

Iragarpenak berritu ditu

Baina orain gertatzekoa den jaitsierak ez du eragotzi EBZk aitortu behar izatea bere inflazio aurreikuspenetan motz geratu zela. Berriro ere zuzendu ditu: gorantz 2023an eta 2024an —%5,6 eta %3,2—, eta beherantz 2025ean—%2,1—.

Hazkunde iragarpenetan, berriz, beherantz egin dute banku zentraleko ikertzaileek: aurten, %0,9tik %0,7ra igaro da; datorren urtean, berriz, %1,5etik %1era.Horrek esan nahi du aurtengo bigarren erdian euroguneko ekonomiak izan behar zuen susperraldia nahiko apala izango dela. «Hazkunde moteleko garai batean gaude, argi eta garbi. Garai zailak datoz», onartu zuen Lagardek. Atzeraldi bat eragiten ari dela dioten ahotsei, banku zentralaren lehentasunak gogoratu zizkien: «[Interes tasen igoera] Ez dugu egiten atzeraldi bat eragin nahi dugulako, baizik eta prezio egonkorrak nahi ditugulako».

Europako Batzordeak ere bere iragarpenak berritu zituen astelehenean, eta hiru hamarren kendu zizkion aurtengo hazkundeari, %0,8raino. «Industria ahul dago, eta zerbitzuak, motel», esan zuen Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak.

«Ekarpen nabarmena»

Ekonomia ahul horri interes tasa are handiagoekin kalte handiagoa ez egiteko asmoa erakusten du EBZren agiriak: «Gobernu kontseiluak uste duenez, EBZren interes tasak hartu duten mailak, aldi nahiko luze batean hala utziz gero, ekarpen nabarmena egingo du inflazioa bere helburura itzul dadin».

Esaldi horren bitartez uler daiteke interes tasak %4,5ean egon daitezkeela aldi nahiko luze batean, baina Lagardek zehaztu nahi izan zuen ateak irekita daudela, gehiago igotzeko, baina ez tasak jaisteko. «Orain, eztabaida iraupenari buruzkoa da, baina horrek ez du esan nahi, ezin dugulako esan, tasek goia jo dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.