EBZk banku guztiak kontrolatzeko eskatu du Barrosok

Negoziazio gogorrak izango dira eurogunean, Alemaniak bere kutxen gaineko kontrolari eutsi nahi diolako

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Erreskate funts iraunkorraren osaketarekin batera, eurogunean etorkizuneko krisiei aurre egiteko gobernuek indarrean jarri nahi duten beste tresna bat banku batasuna da. Hau da, finantza erakundeei buruzko legedia eta haien gaineko kontrola euroaren eremu osoan egitea, eta ez estatuetan. Batez ere Espainian eta Irlandan finantza sistema kontrolatzean izandako akatsak —eta erabaki politiko eztabaidagarriak— saihestea da erreforma horren helburua. Arau orokor horren letra txikia da orain erabaki beharrekoa, eta hor sortu dira gatazkak. Europako Batzordeak atzo egin zuen bere proposamen ofiziala. Euroguneko 6.000 finantza erakundeak Europako Banku Zentralaren kontrolpean egotea nahi du.

Arlo horretan aurrez aurre egiten du topo Alemaniarekin, hark banku handiak baizik ez dituelako jarri nahi EBZren begiradapean. «Eztabaidatzeko abiapuntu ona da», erantzun dio Bruselari Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak, baina ez du amore eman: «Kantitatea baino kalitateari begiratu behar zaio, eta arrazoi praktikoengatik ez da sinesgarria EBZ 6.000 bankuren gainbegiratzea hartu ahal izatea». Arrazoi teknikoetatik harago, Berlinen kezka da bere eskualdetako bankuen eta aurrezki kutxen gaineko kontrola galduko lukeela, eta arrazoi politikoak ere baditu hori saihestu nahi izateko.

«Krisiak erakutsi du arrisku sistemikoa edozein lekutan egon daitekeela», azaldu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Adibide argiena Bankiarena da; Espainiak bere bankuentzat erreskatea eskatzeko arrazoi nagusia den arren, Alemaniaren irizpideen arabera ez litzateke EBZren ardurapean egongo. Horiek horrela, negoziazio gogorrak espero dira hurrengo asteotan eurogunearen barruan. Berez, Europako banku batasuna 2013ko urtarrilean da indarrean jartzekoa, ESMk bankuak zuzenean laguntzeko baldintzetako bat baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.