Populazioaren zahartzeak ekarriko dituen «eragin makroekonomiko garrantzitsuei» buruz ohartarazi du EBZ Europako Banku Zentralak bere argitalpenean. Euroguneko herrialdeei helarazi die ez dela komeni martxan jarritako erreformen bidetik ateratzea, «susperraldiarekin batera» pentsioen sistemak erreformatzeko ekinaldia «moteldu» dela ikusten baitu. Baina aholku argi bat egin die estatu kideei: hobe da erretiro adina luzatzea pentsioen kopurua murriztea baino.
Hobea da EBZrentzat, eraginkorrago jotzen duelako populazioaren zahartzeak eragingo duen egoera berriari aurre egiteko. Herrialdeen zorra txikitzeko helburuari begira, zahartzea oztopo handitzat jotzen du Mario Draghi presidente duen erakundeak. Finean, «epe luzerako oreka fiskala» dago jokoan, EBZren arabera.
Hego Euskal Herrian, 36 urte eta lau hilabete kotizatu behar dira %100arekin erretiratzeko, eta 65 urte eta erdi eduki. Baina 2013ko erreformari jarraikiz, 67 edukitzea beharrezkoa izan da 2027rako, eta 38 urte eta erdiko kotizazioa, betiere %100arekin erretiratzeko.
«Pentsioen erreformekin jarraitzea oinarrizkoa da; ezin da atzeratu», dio EBZk. Erretiro adina atzeratzeak populazioaren zahartzearen eraginak oreka ditzake, haren ustez, lan indarrean eta kontsumoan eragin positiboa lukeelako. Pentsioen kopurua jaisteak, ordea, «oso eragin txikia» izango du agertoki berrian.
EBZk dio baieztapen hori ez dela herrialde jakinei begira egina, orokorra baizik; hasteko, zahartzea ez delako maila berekoa izango herrialde guztietan. Gaur egun, populazio zaharrena duten herrialdeak eurogunean Alemania, Grezia, Italia, Portugal eta Finlandia dira. Irlandak izango du ratio txikiena 2070erako, eta Espainiak, Belgikak eta Frantziak zahartzearen hazkunde txikiena.
Horiek horrela, euroguneko populazio zahartuena edukitzea ez da oztopo izango Alemaniarentzat pentsioak %3tik gora igotzeko aurten. «Lan merkatuaren eboluzio positiboak, eta soldata igoerak pentsio handiagoak ekarriko dituzte», esan du Hubertus Heil Lan ministroak. 65 urte eta 6 hilabeteko adina behar da gaur egun Alemanian erretiroa hartzeko. 67 beharko dira 2031n.
Oso bestelako egoera dago Hego Euskal Herrian, Espainiako Gizarte Segurantzaren «ahulezia» tarteko, soilik %0,25 igo dituelako PPren gobernuak, azken urteetan bezala. Hain zuzen, zehaztasun askorik eskaini gabe, PPk atzo iragarri zuen zenbait pentsio igotzeko asmoa duela, horretarako errenta zerga erabiliz. Errenta zergarik ez ordaintzeko diru sarreren muga igoko lieke pentsioei gobernuak, Javier Maroto PPko gizarte politiketarako idazkariordearen arabera.
Marotoren proposamena
Gaur egun, urtean 12.000 eurotik beherako diru sarrera duten zergapekoek ez dute errenta zergarik ordaintzen. Bada, muga hori urteko 17.000 euroraino igoko luke Madrilek, eta horrek esan nahi du gutxi gorabehera milioi bat inguru pentsiodun gehiago salbuetsita leudekeela errenta zerga ordaintzetik eta, ondorioz, haien pentsio garbia handiagoa izango litzateke. Urtean 17.000 euro irabazten dituen pentsiodunari pentsio garbia %10 handituko litzaioke, eta igoera txikiagoa litzateke errenta zenbat eta txikiagoa izan. Urteko 14.000 euroko diru sarrerako pentsiodunari pentsio garbia %4 handituko litzaioke.
Halako erabaki batek ez luke eragin zuzenik zerga bilketaren eskumena duten euskal herrialdeetan. Hori bai, zeharka nabarituko litzateke balizko neurri horren eragina, besterik ez bada ere foru gobernuek eta Jaurlaritzak ildo horretan zerbait egiteko presioa sentitu dezaketelako.
Ez hori bakarrik, duela egun batzuk pentsiodunei zergak murrizteko Cristobal Montoro Ogasun ministroak egindako iradokizuna gaitzetsi egin zuen Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJko eledunak. «Gauzak nahastea da, eta, gainera, hori konpentsatzeko, beste erakunde batzuk, euskal erakundeak kasurako, behartuko lituzke ez dagokien ekarpen bat egitera.
Euskal ogasunetan ere badago errenta zergarik ez ordaintzeko muga, 12.000 euroko urteko sarreretan. Errenta zergan murrizketarik ez baina hobariak erabiltzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —334 euro 65 urtetik gorakoentzat urteko 20.000 eurorainoko errententzat—. Horrez gain, pentsio txikienak diru sarrerak bermatzeko errentaraino osatzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, alargunek pentsio osagarri bat jasotzen dute gutxieneko soldatara parekatzeko.
EBZk dio erretiro adina luzatzea eraginkorragoa dela pentsioak jaistea baino
PPk aipatu du pentsiodun gehiago errenta zergatik salbuesteko aukera. Halako erabaki batek presioa eramango luke euskal ogasunetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu