EBZk errieta egin die bankuei, ez dutelako mailegurik ematen

Interes tasak %1ean utzi ditu eta merkatuko likidezia, bermatzeko ekarpenak amaitzear direla iragarri du

Erredakzioa
Donostia
2009ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ez da ustekaberik izan. Seigarren hilabetez jarraian, Europako Banku Zentralak %1ean utzi ditu euroguneko interes tasak, ekonomiaren hazkundearen inguruan zalantzak egoten jarraitzen dutelako. Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak hartutako bideari jarraitu die EBZk, interes tasak mantenduta; Australiak eta Norvegiak igotzea erabaki dute azken egunetan; eta Isalandiak puntu bat jaitsi, eta %11n utzi ditu.

Nahiz eta Alemania eta Frantzia atzeralditik irten diren, oraindik tentuz jokatu beharra dagoela uste du Jean Claude Trichetek zuzentzen duen erakundeak. Diruaren prezioa baxu mantentzeak euroguneko banku komertzialei lagunduko diela azaldu du, «oraindik arrisku handian daudelako, eta ekonomia suspertzea oztopatu dezaketelako».

Hala ere, ekonomia mugitu eta bere onera itzultzen hastea nahi baldin badute, «beren lana egin» eta maileguak ematenhasteko eskatu die Trichetek euroguneko bankuei. EBZk egindako galdeketa baten arabera, hirugarren hiruhilekoan aurrekoetan baino diru gehiago utzi diete enpresei, baina ez da horrelakorik gertatu familiekin. Oraindik oso baldintza zorrotzak jartzen dizkiete.

Beste abisu bat ere eman die Trichetek euroguneko finantza erakundeei, likidezia bermatzeko EBZk diru merkatura egindako milaka milioi euroko ekarpenak bukatzear direla hain zuzen. Gainera, erakundeaekarpen horien ondorioz merkatuan dagoen gehiegizko likidezia desagerrarazteko neurrietan pentsatzen ari dela esan du, baina modu eta garai egokiak topatu behar dituztela. Abenduko bileraren ostean iragarriko ei ditu lehendabiziko neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.