EBZk itxarotea erabaki du, «zantzu onak» ikusi baititu

Italiak eta Espainiak arrakastaz saldu dute zorra, Draghik bankuei utzitako diru merkeari esker

Iker Aranburu.
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bere kargua erabaki handiekin inauguratu ondoren, Mario Draghik atseden hartzea erabaki du. Hura buru zuela egindako hirugarren bileran, Europako Banku Zentralak ez du neurri gehiago hartu, eta orain arte indarrean jarritakoek —interes tasak %1,5etik %1era jaistea eta bankuei nahi beste diru uztea hiru urterako—zein ondorio izango duten ikusi arte itxarotea erabaki du. Interes tasek, hortaz, %1ean jarraituko dute, gutxienez beste hilabete batez. Gehiago jaisteko ekonomiak oraindik gehiago egin beharko luke okerrera, baina inflazioaren arriskua ahaztu gabe: %2,8an dago eurogunean, banku zentralak gogoko duen %2tik nabarmen gorago.

Analista gehienak baino baikorrago azaldu da Draghi, «jarduera ekonomikoa egonkortzen ari den zantzu onak» ikusi baititu. «Dirua mugitzen ari da ekonomian, eta ez dago guztiz EBZren gordailuetan. Kredituaren uzkurtzea are handiagoa izatea eragotzi du», gaineratu du. Behar izatekotan, ez du baztertu «ezohiko neurri gehiago» hartzea.

Ondorio onen artean, Espainiaren eta Italiaren azken zor enkanteak aipa ditzake Draghik. Herrialde batek zein besteak arrakasta nabarmenez saldu zuten zorra atzo. Italiak 12.000 milioi euro eskuratu zituen, duela hilabete pagatu zuenaren interesaren erdiarekin. Urte bat barru itzuli beharreko 8.500 milioi euroren truke %2,735eko interesa pagatu beharko du Erromak; kopuru handia da, baina abenduan eskaini behar izan zuen %5,992tik oso urruti. Mario Montiren gobernuak azaldu du bere murrizketa neurriek eragindako konfiantzaren ondorioa izan dela.

Italiaren zorrak eskaera handia izan zuen, baina are eta handiagoa izan zuen Espainiaren urteko lehen enkanteak. Azkenean, ikusita erosle asko zeudela eta interes txukuna lortuko zuela, Espainiako Altxorrak erabaki zuen iragarritakoaren zorra halako bi saltzea, 9.986 milioi eurora bitarte. 18.700milioi euroren eskaria izan zuen. Lau urteko bonuetan 2.503 milioi euro saldu zituen, %3,883ko interesarekin —%4,891 aurreko enkantean—; bost urtekoetan, berriz,3.211 milioi bildu zituen, %3,949ko interesarekin—%4,885 aurrekoan—.

Salmentaren emaitzek arindu egin zuten euroguneko zorraren krisiari buruzko pertzepzioa. Burtsa gehienek gora egin zuten, euroak balioa berreskuratu zuen dolarrarekiko eta estu dabiltzan estatuen arrisku sariek nabarmen egin zuten behera. Italiarena 517tik 480ra jaitsi zen, eta Espainiarena, berriz, 351etik 330era.

EBZren diruarekin

Enkante horren arrakastaren atzean EBZk finantza erakundeei utzitako dirua dago. Abenduan banku zentralak nahi beste diru eskaini zien finantza erakundeei hiru urterako, horrek likidezia arazoak konponduko eta maileguak erraztuko zituelakoan. Azken hori lortu duenik esateko modurik ez dago, oraingoz. Izatekotan, kontrakoa: aste honetan inoiz baino diru gehiago utzi dute bankuek EBZren egun baterako gordailuetan, hau da, nahiago izan dituztela sosak leku seguru batean utzi interesik jaso gabe, beste bankuei, herritarrei edo enpresei —interes handiagoarekin—utzi baino.

Baina diru guztia ez da EBZra itzuli. Finantza erakundeak sos merkeak baliatzen ari dira estatuen zor subiranoa erosteko. Atzo Espainiaren zorra erosi zuten asko hango bankuak dira, negozio borobila delako: batez beste %1 inguru pagatuko duten diruaren truke %3 edo %4 interesa jasoko dute. Gainera, EBZri diru gehiago eskatu nahi badiete berme gisa jar ditzakete bonu horiek. Otsailean beste enkante handi bat egingo du EBZk.

Espainiak 136.000 milioi euro eskuratu nahi ditu aurten merkatuetan. Horietatik 100.000 milioi aurreko urteotako zorra berriro finantzatzeko izango dira; beste 36.000 milioiak, berriz, aurtengo defizit publikoa estaltzeko beharko duen zor berriari dagozkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.