EBZk Moody'sen kolpea arindu dio Portugali

Portugalen zorra berme gisa onartuko du maileguak emateko, baita gutxieneko maila ez badu ere

jakes goikoetxea
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak (EBZ) berme gisa onartuko ditu Portugalen zorraren tituluak dirua uzteko. Baita zor titulu horiek kalifikazio agentzien gutxieneko maila lortzen ez badute eta zabor bonuen pare badaude ere. Alegia, EBZk fidagarritasuna aitortuko die Portugalen zor tituluei, kalifikazio agentziek egiten ez badute ere. Erabakiarekin EBZk Moody's kalifikazio agentziari erantzun dio, eta arnasa eman dio Portugali. Herrialdeko bankuei batez ere, finantza merkatuetan dirua lortzeko zailtasunak baitituzte eta EBZ baita haien diru iturri ia bakarra. EBZk erabaki bera hartu zuen iaz Greziari buruz, eta aurtengo martxoan Irlandari buruz.

Moody'sek Portugalen zorraren maila jaitsi eta zabor bonuen pare utzi zuen asteartean. Kolpe latza zuzenean Portugalentzat,baita zeharka Europa hegoaldeko herrialdeentzat eta Irlandarentzat ere, haiei buruzko zalantzak areagotu baitziren zor merkatuetan, zorra garestituz.

EBZk berme gisa onartuko du Portugalen zorra, gobernuak murrizketa plana jarri duelako indarrean, Europako Batzordearekin, EBZrekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartuta.

Portugalen zor bonuen kalifikazioa izan zen aurrena. Portugalgo bankuena atzo, estatuaren arazoek haietan izan ditzaketen eragin kaltegarriengatik. Lau bankuk estatuaren bermearekin jaulkitako zorraren kalifikazioa jaitsi zuen atzo Moody'sek: Caixa Geral de Depositos, Banco Espirito Santo, Banco Comercial Portugues eta Banco Internacional do Funchal. Ia ezinezkoa dute zor merkatuetan dirua lortzea, eta estatuak bermatutako zorra jaulki behar izan dute.

Herenegun Europako Batasuneko agintariek gogor kritikatu zuten Moody'sen erabakia, eta auzitan jarri zituzten kalifikazio agentzien jokabideak eta sinesgarritasuna. Jean-Claude Trichet EBZko presidentea atzo ez zen hain gogorra izan, baina kalifikazio agentziak kritikatu zituen, «oligopolioa» direla, zikloak puztu egiten dituztela —onak eta txarrak— eta haien lana ez dela «egokia» esanez.

Agentzia europarra

Europako Batzordea kalifikazio agentzien jarduna arautu nahian ari da. Aukeretako bat kalifikazio agentzia europarra sortzea da, publikoa edo pribatua. Aurten ez dute egingo. Agentzia hori sortu bitartean, legeak aldatuko dituzte, kalifikazio agentzien sektorean lehiakortasuna handitzeko eta finantza industriak kalifikazioekiko duen mendekotasuna arintzeko. Urrian edo azaroan aurkeztuko dituzte legea aldatzeko proposamenak. Horrek esan nahi du aldaketak onartuz gero ez liratekeela indarrean egongo, gutxienez, 2012ko ekainera arte.

Tricheti asko galdetu zioten Greziari buruz, baina ez zuen erantzun. Europako Batasuneko, EBZko eta Greziako Gobernuko ordezkariak Greziaren zorraren hartzekodunekin bildu ziren atzo, Erroman, Greziaren bigarren erreskatean nola parte har dezaketen aztertzeko.

Atzokoa ez zen egunik onena zorra jaulkitzeko, Moody'sen erabakiaren ostean zor merkatuak urduri baitzeuden, eta zor merkatuetan urduritasuna garesti ordaintzen baita. Espainiak zorra jaulki zuen, eta azterketa gainditu. 2.000-3.000 milioi euro jaulkitzeko asmoa zuen, azkenean 3.000 milioi euro izan ziren, eta inbertsiogileek askoz ere gehiago eskatu zizkioten, 7.712 milioi euro.

Hala ere, Espainiak zorra garesti ordaindu behar izan zuen: alde batetik, 1.500 milioi euro hiru urterako bonuetan, %4,32ko interesean, 2008tik izan duen altuena; bestetik, 1.500 milioi euro bost urterako bonuetan, %4,891eko interesean, 2002tik ordaindu behar izan duen interes garestiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.