Europako Banku Zentralak ez du fidagarritzat jo Espainiak bere defizit publikoa murrizteko aurkeztu dion plana. Madrilek dio datozen hiru urteotan defizita 1,8 puntu portzentualetan jaitsiko duela urtero, baina EBZk nabarmendu duenez, ez du ongi zehaztu nola egingo duen ahalegin handi hori.
EBZk atzo kaleratutako txostenaren arabera, Espainiako Gobernuaren helburua bide onetik doa, baina «neurri zehatzak» falta zaizkio, «batez ere 2011-2013 eperako».
Urtarrilaren amaieran, Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak administrazio publikoen gastua 50.000 euro murrizteko zenbait neurri iragarri zituen, defizita murrizte aldera. Besteak beste, erretiroa hartzen duten hamar funtzionarioetatik bakarra ordezkatzea proposatu zuen. Horrela espero du langile publikoetan egindako gastua %4 murriztu ahal izango duela 2013rako. Inbertsioetan egindako gastua BPGaren %0,5 txikituko dituzte, eta %1,6 transferentzietan eta «beste gastuetan» egindakoak. Autonomia erkidegoei ere eskatu die gastua murriztu dezatela, eta egunotan ari dira bilerak egiten bakoitzak bere asmoak azal ditzan.
Espainiak superabit publikoa zuen 2007ra arte, baina diru sarreren amiltzeak, ekonomiari bultzada emateko egindako gastu gehigarriak eta langabeziaren gorakadak eragindako kostuak hankaz gora jarri ditu kontu publikoak. 2008 BPGaren %4,1eko defizitarekin amaitu zuen, eta %11,4koa iaz.
Madrilek agindu dio Europako Batasunari aurten %9,8ko defizita izango duela, %7,5ekoa 2011n, %5,3koa 2012an eta %3tik beherakoa 2013an. Zor publikoa, berriz, 2008ko %36tik %55,2ra igo zen iaz, eta %74,3ra helduko da 2012an.
Espainiari buruz ez ezik, Irlandari buruz ere kezka azaldu du banku zentralak. Izan ere, EBZk uste du Dublingo agintariek ere ez dutela zehaztu nola jaitsiko duten defizita 2009ko %11,7tik 2014ko %2,9ra.
OCDEk herenegun nabarmendu zuenez, Espainia eta Irlanda dira Europan krisiaren eraginez aberastasun handien galduko dutenak, eta krisitik beranduen aterako direnak.
EBZk uste du Espainiak ez duela neurri egokirik hartu defizit publikoa murrizteko
Madrilen planean dio gastu publikoa 50.000 milioi euro jaitsiko dutela, baina EBZk ez du neurri «zehatzik» ikusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu