EBZko ekonomisten buruak dimisioa eman du, zorra erostearen kontra dagoelako

Europako burtsek kolpe gogorra hartu dute: %4tik gora galdu dute Madrilgoak, Milangoak eta Frankfurtekoak

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentraleko ekonomisten buru Juergen Stark alemaniarrak dimisioa eman du, ez dagoelako ados herrialdeen zorra erosteko erakundearen politikarekin. Starken iritziz, inflazioari eutsi eta euroguneko prezioak egonkor mantentzea da EBZren betebeharra. Herrialdeen zorra erosteko politika, ordea, egonkortasun horren kontra doala deritzo, merkatuan diru gehiago jartzeak salneurriei gorantz bultzatzen dielako. Jean Claude Trichet EBZko zuzendariari esan dio kargua «arrazoi pertsonalengatik» uzten duela.

Starken dimisioa kolpe gogorra izan da Europako burtsentzat. Soilik atzo %4,44 jaitsi zen Madrilgoa, %4,93 Milangoa, %4 Frankfurtekoa, %3,5 Pariskoa eta %2 Londreskoa. Euroarentzat ere egun beltza izan zen, otsaileko mailara erori baitzen, 1,37 dolarretan kotizatuta.

Stark hasieratik azaldu zen arazoak dituzten euroguneko herrialdeen zor bonuak erostearen kontra. Hala ere, merkatuak lasaitze aldera, 2010eko maiatzean Greziari, Irlandari eta Portugali laguntzea erabaki zuen EBZk. Abuztuaren hasieran, Italia eta Espainia estualdian zirela ikusita, laguntza programa zabaldu ala ez erabaki beharra egokitu zitzaion erakundeari. Stark izan zen kontra bozkatu zuten lau kontseilarietako bat. EBZk, ordea, haien zorra erostea erabaki zuen. Harrezkero, 50.000 milioi eurotik gora gastatu ditu bi herrialde horien bonuak erosten. Haien zorraren arrisku saria oinarrizko 400 puntutik 300 ingurura jaitsi da harrezkero.

Dimisioa emanda, esan liteke Alex Weber herrikidearen bideari jarraitzen diola Starkek. Bundesbankeko presidente ohia zen EBZren gidaritzan Tricheten lekukoa hartzeko hautagairik indartsuena, baina erakundeak zor bonuen inguruan hartu zuen jarrera ikusita, Alemaniako banku zentraleko kargua utzi eta EBZrako hautagaitza erretiratzea erabaki zuen.

Urtea bukatu arte, karguan

EBZra iritsi aurretik, Bundesbankeko zuzendariordea izan zen Stark.2006an, Otmar Issingek kargua utzi behar zuela eta, erakundeko ekonomisten buru izatea proposatu zioten, eta hark onartu egin zuen. Orain, ordea, erakundearen politikaren inguruan dituen desadostasunengatik, dimisioa eman du. Hala ere, karguan jarraitu beharko ordezko bat topatu artean. Urtearen bukaera aldera izango da hori. Ez da EBZko buruzagitzan egingo duten aldaketa bakarra izango, datorren hilean kargua uztekoa baita Trichet bera ere. Mario Draghi italiarrak ordezkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.