Gasteizeko Gizarte arloko 2. epaitegiak amiantoarekin lotutako beste ebazpen bat eman du behargin baten alde. ECN Cable Group enpresa zigortu du ez zituelako amiantoaren inguruko prenbentzio arauak bete, eta, ondorioz, Echevarría Cablerías del Norterentzat mantentze lanetan aritzen zen behargin batek gaixotasun larria garatu zuen.
Haren familiari 165.525 euro ordaindu beharko dio Gasteizeko enpresak, Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi duenez. Echevarría Cablerías del Nortek Cablenorrekin bat egin zuen 1966an, eta 1997rako ECN sortu zen, beste bat egite batzuen ondoren. Hark dauka orain gertatutakoaren ardura juridikoa.
Behargina labearen adreiluekin eta teilatuko plakekin aritu zen lanean luzaroan, eta pieza horietan amiantoa zegoen, baina enpresak ez zion ohartarazi, eta ez zion arnasa hartzeko ekipamendu berezirik eman. Pleurako minbizia garatu zuen 2017an, eta 2019an zendu zen.