Fagor Etxetresnak

Edesa epaitegietan dago jadanik

Konkurtsorako bidean prozesu goraberatsua izan ondoren, Fagor Etxetresnek Basaurin duten planta ere Pedro Malagon epailearen esku utzi dute. Donostiako epaitegiko Gizarte arloko titularrarek kudeatuko ditu, halaber, kooperatiba nagusia, Fagor Ireland eta Mastercook, Poloniako lantegia.

xabier martin
2013ko azaroaren 22a
11:20
Entzun

Konkurtsora joan aurretik bildu beharreko agiri guztiak lortuta, Fagor Etxetresnen zuzendaritzak epaitegian utzi du dagoeneko Basauriko Edesa, eta Azpeitiko Grumal ere gaur bertan konkurtsora eraman dezake, Project bezala. Edesarena ez da prozesu erraza izan, langileen presioa eta politikarien azken uneko eskaintzak gorabeheratsu egin baitute epaitegirako bidea.

Basauriko langileek itxita jarraitzen dute Edesako plantan soluzio bat eskatzen, euren enpresa bideragarria izan daitekeelakoan. Gaur zortzi Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Euren langabazia sariarekin kezkaturik daude, badakitelako Fagor Etxetresnen bazkideek baldintza hobeak lortuko dituztela. Gizarte Segurantzan izena emanda daude ez alferrik Edesako 200 langileak, ez Mondragon taldearen Lagun Aro EPSVan; Fagorrek 1989an enpresa erosi zuenean Gizarte Segurantzan jarraitzea erabaki zuten aurreko urteetako kotizazioak ez galtzeko. Edesakoak soldataren erdia jasoko dute seigarren hilerako. Fagorreko bazkideek %80a bi urte osoz (aurretik birkokatzen ez badituzte). 

Azpeitiko Grumal enpresako langileak ere (150 bat) ez dira Fagor Etxetresnetako bazkide kooperatibistak, eta haiek ere Gizarte Segurantzaren baldintzak izango dituzte, konkurtsoaren prozesuaren barruan bideragarritasunik lortu ez, eta itxiera baldin badator. Gaur ez bada, astelehenean eramango du sukalde altzariak ekoizten dituen planta Donostiako epaitegira Fagorrek.

Fagor Etxetresnak kaudimengabetzat jo ditu Pedro Malagon epaileak, pasiboa aktiboa baino handiagoa dela ikusi ondoren. Administratzaileak nork izendatu behar dituen ere erabaki du, CNMV merkatu arautzaileak eta Banco Popularrek (hura da hartzekodun nagusia). Norgestión y Audyge Gipuzkoako kontsultora izendatu du jadanik bankuak bere administratzaile gisa, eta CNMV aurki egingo du gauza bera; itxura batean KPMG auditora izan daiteke kudeaketarako aukeratua. Poloniako Mastercook kudeatzeko auditora hori bera izendatu du Pedro Malagonek.

FagorBrandt, berriz, Frantziako epaitegien esku jarraituko dute, eta han gauzatuko da konkurtsoaren prozesua, Fagorreko zuzendaritzaren oniritziarekin. Frantziako agintariak Brandten hainbat zati aurrera ateratzeko prest azaldu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.