Edesa-Geyser proiektuari baietza ematea aztertzen ari da Mondragon

Fagorren zati gehiagori eusteko beste bi egitasmo lantzen ari da taldea, zerbitzu teknikoaren eta etxetresna txikien ataletanGipuzkoak bi milioi jarriko ditu Bergara eta Basaurirako; «bideragarritzat» jotzen ditu

xabier martin
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fagor Etxetresnen krisia hasi zenetik begirada gehien jaso duen eragilea miran dago berriro. Mondragonen zain daude Edesan (Basauri) eta Geyserren (Bergara) 260 lanpostu salbatuko lituzkeen proiektuaren egileak, baita erakundeak ere. Abenduan iritsi zitzaion Mondragoni Fagorreko Confort atalari eutsiko liokeen enpresa egitasmoa, eta duela egun batzuk behin betiko plana jaso ondoren, «modu serioan» baietza ematea aztertzen ari da, BERRIAk jakin duenez.

Iturri berberek diote Mondragonek ez duela «ahaztu» Fagorren krisia lehertu zenean «ahalik eta enplegu gehien salbatzeko hartutako konpromisoa», eta jadanik lanean ari dela «hainbat enpresa sortzeko proiektuetan». Edesa eta Geyser lotzen dituena da «garrantzitsuena» enpleguari begira, baina ez bakarra. Zerbitzu teknikoaren eta etxetresna txikien ataletan eragingo luketen beste enpresa berri batzuei ekitea ere aztertzen ari dira kooperatiba taldean.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Edesa-Geyser proiektua «bideragarritzat» jo zuen atzo, eta aurrera aterako balitz diputazioak bi milioi euroko bermearekin lagunduko lukeela esan zuen, «Gipuzkoari dagokiona». Finantzaketa da Fagorren zatiren bat salbatzeko gakoa, eta bideragarritasuna da finantzaketaren giltza. Argi dago Basauri-Bergara proiektuak erakundeen oniritzia duela, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere garbi hitz egin duelako haren alde, eta hiru milioi euroko bermea agindu duelako. Jaurlaritzak ere bere ekarpena egingo luke bost milioi eurorekin.

Administratzaileak eta bilera

Erakunde publikoez gain, ordea, bankuek ere zeresan handia izango dute proiektuaren bideragarritasunean, erakundeen bermeak gauzatu ahal izateko. Kutxabank eta Laboral Kutxari begira daude eragileak; Fagor Etxetresnen hartzekodun dira bata zein bestea, baina zorra berreskuratzeko modurik onena salbatzeko modukoak diren zatiak salbatzea dela erabaki dezakete. Hori guztia «ongi aztertu» behar du Mondragonek bere baietza eman eta proiektuak eskatuko liokeen hiru milioiko inbertsioari ekin aurretik. «Baina gauzak azkar egin behar dira», ordea. Likidazioaren itzala gero eta luzeagoa da, hala Fagorreko kooperatiba nagusiaren lantokientzat —tartean Bergarakoa—, nola Edesarentzat. «Ez dago astirik hilabeteko azterketarik egiteko», aitortu du Mondragonen egoera gertutik ezagutzen duen iturriak. «Bezero gehiegi galtzeko eta marka degradatzeko arriskua dago». Arrasateko taldea, hala ere, ez litzateke sartuko inolako proiektutan ez balio «bideragarritasunik» ikusiko. Hori da hitz magikoa. «Ezinbestekoa da».

Pedro Malagon epaileak izendatutako Fagorren konkurtso administratzaileak Edesa-Geyser proiektuarekin ados egotea ezinbestekoa da, haiek gobernatzen dutelako kooperatiba orain. Garitanok jakinarazi zuenez, hiruretatik bi behintzat proiektuaren aldekoak dira; eta Fagor Etxetresnen Kontseilu Soziala ere bai.

Beste proiektuak

Mondragonek baietza emango balu, finantzaketaren atalean behar beste parte hartzaile ikusten duelako, oso litekeena da azkenean Basauriko Edesan eta Bergarako Geyserren enplegu askori eustea. 260 lanpostu zuzen eta beste 85 zeharkako sortuko lituzke enpresa berriak Confort atalaren jarduerarekin jarraitzeko (berogailuak eta galdarak).

Haatik, asko dira oraindik zalantzak eta oztopoak, eta erakundeen zein langile bazkideen ahaleginak eta, etorriko balitz, Mondragonen esku hartzea nola egingo litzatekeen ikusi beharra dago. Martin Garitanok bilera batera deitu zituen atzo eragile guztiak, finantzaketari nola ekin adosteko, eta Kutxabank ere aipatu zuen. «Bergaran eta Basaurin lanpostuak salbatuko lituzkeen egitasmo handi bat hauspotu nahi dugu».

Enpleguari begira apalagoak liratekeen arren, Mondragon beste bi proiektutan lanean dabil. Zerbitzu teknikoari eragingo lioke lehenak. 25-30 lanpostu sortuko lituzke enpresa berri batek alor horretan, garapen fasean dagoen proiektuaren alde apustu egingo balu Mondragonek. Fagor Etxetresnek atzo hedabideei igorritako ohar batean jakinarazi zuen «normal» eusten diola saldu osteko zerbitzuari. Bezeroek dituzten etxetresnen bermeei aurre egiteko martxan da zerbitzu hori. Fagor Etxetresnek «merkaturatutako produktu guztiek» salduosteko zerbitzua dutela azpimarratzen dute oharrean. Edonola ere, albisteak etor daitezke enpresa berri baten sorrerari dagokionez Fagorren atal horretan.

Etxetresna txikien lerroari eragingo lioke bigarren proiektuak. Jarduera «oso ongi» ezagutzen duen talde bat lanean ari da, «bideragarria den proiektu batekin asmatzeko». Mondragonen badakite etxetresna txikien negozioak jardun zuela ongien, eta «ahal dela» zerbait martxan jartzeko asmoa dauka Mondragonek. Jakin ere badaki lehiakideak, Taurus Group batik bat, begira-begira daudela likidazioa etorriko den edo ez.

Horrez gain, Frantziako Fagor Brandtekin harremanetan dago Mondragon taldea, hark jarduerarekin jarraitzeko inbertitzaileak lortuz gero, Euskal Herrian lerro zuriko plantaren batekin laguntzeko aukera dagoela uste duelako. Hala ere, «ez luke zertan kooperatiba izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.