Fagorren porrota

Edesa, zentrifugatuan

Basaurik ezin du bakarrik aurrera egin, eta Fagorrekin batera konkurtsora eramango dute; hiru milioiko laguntza baztertu daJose Luis Bilbao «minduta eta etsita» azaldu da Fagorren «gezurrarekin»

xabier martin
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inprobisaziotik abiatutako proposamenek bide laburra dute. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak «salbatu dugu» esan zien Edesako itxialdian dauden langileei asteazken gauean, Lakuako bileran Basaurirentzat hiru milioi euroko bermea jarriko zuela iragarri ondoren. Baina ez. Salbazioa ez du «analisi sakonik gabe» egindako proposamen horrek ekarriko.

Carlos Treviño Fagor Etxetresnen zuzendariak hala jakinarazi zien Basauriko langileei atzo arratsaldean. Goizean Jose Luis Bilbaoren bulegoan egon zen Edesako zuzendariarekin batera, eta hari jakinarazi ondoren eman zien albiste txarra Edesako langileei. Hiru milioi euroko bermea «ez da nahikoa» lantegiaren itxiera ekiditeko, eta datorren astean Edesa konkurtsoan sartzekoa dada Fagorrekin batera. Azken erabakia, edonola ere, asteleheneko bilera batean hartuko duela jakinarazi diote kooperatibako iturriek Efe agentziari. Iturri horien arabera, Treviñok bere iritzia eman zien langileei, baina artean ez dago erabaki finkorik.

Hainbeste gorabeherekin Basauriko 230 langileen egoera emozionala zentrifugazio fasean dago. Egun batetik bestera iritsi dira albisteak: ixteko aukera, salbazioa, eta benetako itxiera azkenorduko ustekaberik ez badago.

Langileak bezain haserre azaldu zen Edesaren salbazio oraingoz antzuaren beste protagonista. Jose Luis Bilbao «minduta eta etsita» zegoela esan zuen arratsaldean urgentziaz deitutako prentsaurrekoan. Asteazkenean «gauza bat» esan zietela eta atzo «beste bat» erantsi zuen berehala, eta egoera «zentzugabea» zela. Sumindura handia erakutsi zuen Bilbaok, eta Fagorren aurka, Treviñoren aurka hain zuzen, akusazio gogorrak jaurti zituen; «Edesa hiltzen utziko dute. Ez ziguten egia esan, ez dutelako konkurtso aurretik aterako Edesa eta ez dutelako gaur [atzo] konkurtsora eraman Fagor». Lerro artean aditzera eman zuen Fagorrek ez zuela Edesa salbatu nahi; «ezin zaio lagundu laguntza nahi ez duenari». Edesako langileei, plantan bertan enpresa salbatuta zegoela esatean «azkarregi» jokatu ez ote zuen galdetu ziotenean, ez zuen erantzun zuzena eman. «Asteazkenean akordio batekin atera ginen Gasteiztik, eta gaur [atzo] beste erantzun bat jaso dugu».

Fagor Etxetresnen zuzendari Treviñok, berriz, Bizkaiak jarri behar zuen bermearen kopuruan oinarritu zuen eskaintza baztertzeko argudioa langileen aurrean, baina hori baino konplexuagoa da auzia. Mondragonen iturrien arabera, funtsean atal juridikoa litzateke arazoa, bidera- garritasun plan eta hura finantzatzeko likideziarekin batera. Edesak ezingo luke jaso hiru milioi euroko diru laguntza, besterik gabe, Fagor Etxetresnak duen egoera kontuan hartuta, eta ordu gutxian konkurtsoan izango dela jakinda. Edesa ez da enpresa bat, enpresa baten lantegi bat baizik. Planta horretako jarduera ahalbidetzeko zerbitzu ugari Fagorren esku daude. Gainera, Edesak ez du administrazio organorik. Bere ordezkariak Fagorreko Kontseilu Errektorean daude, eta Mondragoneko kongresuan ere Fagorren duen ordezkaritzak ematen dio lekua. Markarekin ere arazoak leudeke, seguruenera, Fagorrena baita Edesa marka, eta Fagor konkurtsora doa. Basaurin termoak eta galdarak egiten dituzte, baina Edesa markako etxetresna ugari egiten dira beste planta batzuetan.

Labur esanda, Edesak ezingo luke Fagorrik gabe aurrera egin; «ez da bideragarria», Treviñoren hitzetan. Bilbaok ez zuen proposamen hori egingo asteazkeneko bileran egoeraren analisi sakon bat egin izan balu, eta Treviñok ez zuen onartuko hitzez. Hala egin izan balute, Basauriko langileak ez ziren ezinezkoa dirudien aukera bati begira jarriko esperantza eta ilusioarekin. «Hau adar jotzea da» eta antzeko esamoldeak bota zituzten langileek Treviño hizketan ari zela. Aste hasieran hasitako itxialdiak aurrera jarraituko duela ere argi utzi zuten. Treviñok azaldu zuenez, langileek euren azken soldata jasoko dute laster, eta urrian jasotakoaren %60 baino ez da izango. Ondoren langabezia sari arrunta jaso ahal izango dute, bazkide izan arren, Gizarte Segurantzan izena emanda daudelako. Fagorrek Edesa erosi zuenean hala erabaki zuten langileek, kotizazioak ez galtzeko.

Grumalen kasua

Bizkaian gertatutakoa ez errepikatzeko tentuz jokatu nahi izan du Gipuzkoako Aldundiak. Fagor salbaezina dela ikusita, haren menpeko Grumal salbatzeko eginahalak biderkatu ditu. 150 langile ez kooperatista ditu Azpeitiko enpresa horrek, eta sukaldeko altzariak egiten ditu. Lanean jarraitzen du, baina Fagor Etxetresnek konkurtsoan sartuz gero harekin sartuko da. Epaileak konkurtsotik ateratzea erabakiko balu orduan ikusiko du aldundiak zer egin dezakeen. «Ez dugu espektatiba faltsurik sortu nahi», azaldu dute haren iturriek.

Enpresaren porrotean «bazkideen erantzukizuna» bere gain hartu zuen atzo Fagor Etxetresnen Kontseilu Errektoreak ohar baten bidez, baina geratzea ez dutela «onartuko» ohartarazita. Zuzendaritzari igorritako mezu gisa uler daiteke. Kontseiluak eskerrak eman zizkien Mondragoneko gainontzeko kooperatibetako bazkideengandik «orain arte jasotako eta etorkizuneko laguntza eta solidaritatea» dela eta ohar bat egin zien erakundeei: «Industria sektore eta enpleguarekin, bankarekin erakutsitako adinako konpromisoa adieraz dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.