Edesa Industrialeko langileek zerrenda bat besterik ez dute espero zuzendaritzaren aldetik datorren asteleheneko bileran. Atzo amaitu zen kaleratze dosierreko kontsulta epea, eta, asteon, langileen ordezkariei jada esan diete zer etorriko zaien: CNAk jakinaraziko die zein diren dosierretik kanpo geldituko diren 160 langileak.
Talde katalanaren erabakiaren arabera, 160 behargin horiek zalantzaz betetako etorkizuna duen enpresan jarraituko dute lanean, Eskoriatzako (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) lantegietan. Beste 145 langile kalean geldituko dira —batzu-batzuek Mondragon taldera itzultzeko aukerarekin—. Garagartzako (Arrasate, Gipuzkoa) lantegia behin betiko itxita geldituko da.
Konkurtsoaren aurrekoa abian jarri zuen bezain pronto agertutako asmoetatik ez da mugitu CNA. Ondorioz, gauzak horrela, Kataluniako taldeak ere badaki zer espero dezakeen asteleheneko bileratik: langileen ezezko biribila kaleratze dosierrari.
Azkenean, Edesako langileek, kaleratzeak gaitzesteaz gain, ez daukate inolako ziurtasunik lanean jarraituko luketen 160 lankideen etorkizunari buruz. «Inbertsiogileen sinadura falta zaiela, bale», onartu dute langileen ordezkariek, «baina inolako argibiderik ez digute ematen industria planari eta bideragarritasun planari buruz... Ez dakigu ezertxo ere, eta ezin dugu, adibidez, langileak berriro hartzeko egutegirik ere proposatu. Ez dakigu-eta Fagor markarekin jarraitzen utziko dieten ere!».
CNAk ez die onartu dosierra hil amaiera arte luzatzeko eskaera bera ere.«Langileetako asko, berez, behin-behineko erregulazioan daude urriaren 30era arte, hots, langabezia kobratzen. Zergatik ez ordura arte itxaron erabakiak hartzeko, ea epe horretan gauzak argituz doazen?».
Auzibidera
Konpainiaren jarrerak ez die beste irtenbiderik uzten langileen ordezkariei. «Ez dugu onartzen kaleratze dosierra. Horrek zer esan nahi du? Ziurrenez, auzibidera joko dugula».
Kaleratze dosierraren kontsulta epean bertan ere irregulartasunak izan direla salatu dute Edesako beharginen ordezkariek, informazioa ukatu dietela. «Guk Edesa CNAren parte gisa ulertzen dugu, unitate bakar gisa, batetik besterako diru eta produktu transferentziak dauden heinean. Eta Katalunian, esaterako, CNAk Cata enpresa abian dauka».
Baina CNAk ez die bere kontuei buruzko inolako informaziorik eman. «Edesaren eta bere filialen kontuak ere, berez, kontsulta epearen hasieran eman behar zizkiguten, eta ez ditugu eskura izan orain gutxira arte». Fagor markari buruzko kontratua ere ez du izan Edesako langile batzordeak, CNAk hura ikusten utzi dio soilik. «Langileok, azkenean, jakin nahi duguna da zein den Edesak CNAren puzzlearen barnean jokatzen duen rola. Istorio osoa jakin gabe, ezin duzu ezer onartu».
Dirudienez, datozen bi asteetan ager daitezke inbertsiogileakEdesara. Berez, urriaren 28an amaitzen zaio Edesari konkurtso aurrekoaren epea. Hori bai, gerta daiteke CNAk abuztua baliogabetzat jotzeko eskaera egin eta epe hori hilabete bat luzatzea.
Inbertsiogile bat legoke konfort arloko fabrikazioarekin jarraitzeko xedearekin —termoak eta berogailuak—. Lerro zurirako —eltzeak—, berriz, beste inbertsiogile bat legoke, baina langile batzordearen susmoen arabera, haren asmoa, berez, ez litzateke ekoizpenean aritzea. «Fabrikazio kuota bati eutsiko lioke hemen, baina soilik Fagor markaren erabilera lanpostu kopuru jakin bat lotuta dagoelako. Hori, argi dago, ez da industria plan bat. Zer gertatuko litzateke horretan lanean geldituko liratekeen langileekin?».
Edesak eutsi egingo dio kaleratze dosierrari, eta langileek ezezkoari
Bete da enplegu erregulazioaren kontsulta epea, eta astelehenean bilduko dira bi aldeak. Edesak konpainian geldituko diren 160 langileen eta kalean utziko dituen 145 lagunen zerrenda emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu