EDFk ere jokatu nahi du

Frantziako taldeak aitortu du Europako energia merkatuaren berregituraketa gertutik jarraitzen duela, eta azpimarratu du Endesaren inguruan ere ez duela aukerarik baztertzen; FCCk keinua egin dio Gas Naturali

Leire Olaetxea.
2006ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zenbat jira eta bira ematen dituen bizitzak. Europako energia merkatua berregituratzen ari da, eta talde nagusiek ez dute aukerarik galdu nahi. Gas Naturalek badaki, bai. Apurka-apurka, Endesaz jabetzeko borrokan bataila ugari irabazi ditu, baina aste honetan bi ustekabe garrantzitsu izan ditu. Asteartean eskaintza bikaina egin zuen Alemaniako E.ONek Endesagatik; eta atzo Frantziako EDFk, erraldoien artean handienak, «inguruan gertatzen denari adi erreparatzen» diola, eta aukerarik baztertzen ez duela jakinarazi zuen. Alegia, energia sektorean jokatzen ari den partidan sartzeko prest dela.

Europako «ikurretako bat» izan nahi du EDFk, eta sektoreko egoerari erreparatuta, «soilik Europako edo munduko talde handiak izango dira gai desafioei aurre egiteko», ohartarazi zuen atzo Pierre Gadonneixek. Jada tamaina paregabea izan arren, ez diote hedapenari inola ere ez muzin egiten, eta 40.000 milioi euro dituzte datozen hiru urteotan inbertsioak egiteko.Zentzu horretan, EDFk «interes handia du Europako merkatuan egiten den edozein berregituraketan». Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian eta Italian tartaren zati garrantzitsuak hartuak ditu jada, eta batik bat, herrialde horietan egingo dituzte inbertsioak. «Edonola ere, ez dugu aukerarik baztertzen», aitortu zuen Pierre Gadonneix EDFko kontseilari ordezkariak. Baikorra da, orain «aukera onenak» EDFk dituela uste baitu.«Berregituraketak ez daude bukatuta eta adi gaude». Bi baldintza jartzen ditu: inbertsioek Europako jarduera indartzea eta errentagarriak izatea. E.ONek Endesagatik egindako erosketa eskaintzak ez duela harritu jakinarazi zuen, eta gogora ekarri zuen iaz Italiako Edison erosi zutela beraiek. «Ez dago mapa egonkor bat».Italiako Enel taldeari erreparatu besterik ez zaio egin behar horretaz jabetzeko. Herenegun keinua egin zion Gas Naturali, eta E.ONen eskaintzari aurre egiteko babesa emateko prest zela jakinarazi zion. Eskaintza eskertu arren, ezezkoa eman zion Kataluniakoak, eta norbaitekin elkartzekotan, «Espainiako talderen batekin» elkartuko dela jakinarazi zuen.

FCCk «interes handiarekin» entzungo du Gas Natural

Azkenean Endesaz jabetuz gero, eta baldintzak aldatzen ez badira bederen, Iberdrolarekin du ituna Gas Naturalek. 8.000 miloi euroko azpiegiturak salduko dizkio. Gainera, Enelek badu beste proiekturik. Frantziako Suezen gain erosketa eskaintza egiteko prest da, Electrabel Suezen Belgikako filialaz jabetzeko.

Gas Naturalek Espainiako taldeei egindako deia entzungo zuen agian FCCk, eta jada aditzera eman du Kataluniako taldearen edozein eskaintza «interes handiarekin» aztertuko dutela. Plan estrategikoaren arabera, 3.000 milioi euro zituen FCCk inbertsioak egiteko, jada 1.000 milioi erabili baititu. Orain FCCk ez du energian partaidetzarik eta aukera hau baliatu nahi du; baina horretarako, Gas Naturalek deitu egin behar dio, oraingoz behintzat, ez baitira harremanetan jarri.Adituek, bitartean, E.ONen eskaintza goraipatzen dute; Gas Naturalek baino %30 gehiago ordaintzeko prest delako, eta sos guztiak esku dirutan emango dituelako. Gauzak horrela, Manuel Pizarro Endesako lehendakariak atzo aitortu zuen E.ONen eskaintza hobea dela, nahiz eta «diru gutxiegi» dela iritzi. Zentzu horretan, E.ONekin erosketa eskaintza itundu duela gezurtatu zuen, berriro. «Ez dago hitzarmenik».Gas Naturalek Endesaren gain erosketa eskaintza egin zuenetik %54 inguru igo da argindar taldea Ibex-35ean, eta atzo 28,06 eurorekin itxi zuen saioa. Iberdrolak ere nabarmen egin du gorantz bitarte horretan (%25,88), atzo 27,08 eurora iristeraino. Gas Natural, berriz, ez atzera eta ez aurrera gelditu da (+%0,44).

 

Datua





30

«Gas Naturalek eskaintzari eutsi badio, zerbait egiteko prest delako da», ziurtatu dute adituek. Zorpetze erratioei jaramon eginez gero, Gas Naturalek akzioko 30 euroko eskaintza egingo duela iragarri dute (%55 esku diruz), baina era berean, E.ON «aurkari bikaina» dela ohartu dute.

 

 



 

2005EKO EMAITZAK



 

Irabazia bikoiztu egin du EDFk, eta motel ari da RWE





«Urte historikoa» izan zen iazkoa EDFrentzat. Aurreko ekitaldiko irabazi garbiak bikoiztu egin zituen, 3.242 milioi euroraino iritsita, eta %8,6 jaitsi zuen zorra (18.600 milioi euro). Emaitza ikusgarri horiek eragin zituzten Europako jardueraren hazkundeak eta energiaren prezio gordinaren igoerak. Pierre Gadonneix EDFko lehendakariak iragarri zuenez, akziodunei 0,79 euroko dibidendua ordainduko diete; 1.441 milioi euro guztira. Bezero kopuruari eta burtsako kapitalizazioari erreparatuta munduko elektrizitate talde handiena da EDF.Motelago jardun zen Alemaniako RWE. %4,4 gehiago irabazi zuen iaz; 2.231 milioi euro, zehazki; baina fakturazioa jaitsi egin zuen (-%0,7). Taldeak argudiatu duenez, 759 milioi euroko amortizazioek kaskartu dute emaitza, baina 1,75 euroko dibidendua ordaintzeko prest dira. Aurten emaitzak %10 eta %20 bitartean igotzea espero dute, baina erregaiaren garestitzearekin, Kyotoko Itunarekin eta Alemaniako gasaren eta argindarraren araudi berriarekin arduratuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.