«Egonkortze fase batean» sartu da Pasaiako Portua

jokin sagarzazu
Donostia
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
2022an %6 jaitsi zen Pasaiako Portuko trafikoa (Gipuzkoa), baina pandemia aurreko datuak gainditu zituen. Guztira, 3,3 milioi tona mugitu zituen, 2019an baino %3 gehiago. Aurrera begira kopuru horietan aritzeko eta zertxobait hobetzeko tartea izango dutela azpimarratu du Joakin Telleria presidenteak. «Portuak dituen muga logikoen barruan, etorkizuna du». Aurten 3,5 milioi tonara iristea aurreikusten dute.

Azpiegiturak zeresan handia eman du azkeneko hogei urteotan: aurrera egin ez zuen kanpoko portuaren egitasmoa, arrantza lonja berriaren auzia, dimisioak... Urrun geratu dira, halaber, garai bateko trafiko bolumenak. 2003an sei milioi tona mugitu zituen. Zumarragako Arcelor Mittalen itxierak erabat baldintzatu zuen azpiegitura.

Azkenengo bost urteetan, baina, 3 eta 3,5 milioi tona artean mugitu da, eta «egonkortasun» horrek etorkizunari beste era batera begiratzeko aukera ematen duela azaldu du Telleriak. Hala, 2023-2027 urteetarako 40,6 milioi euroren inbertsioak iragarri ditu. Helburua ez da portua handitzea, barkuen irisgarritasuna eta trenbide konexioak hobetzea baizik.

Zentral termikoa zegoen lurzorua garraiorako egokitu dute jada eta lizitazioa ere adjudikatu dute, 30 urterako. Buenavistako nasako lizitazio berriak ere udan aterako dituzte, eta horiek ere urte askorako izango dira.

Aurrera begira, Lezoko kanalaren zabaltzea izango da inbertsio nagusia, ontzi handiagoak sar daitezen, Lezoko tren geltokia tren luzeagoentzat prestatuko dute, eta Herrera eta Pasai San Pedroko portuko lur eremu zabalak beste erabilera batzuetarako egokitzeko lanekin jarraituko dute.

Pasaian produktu siderurgikoak dira nagusi (%56), baina iaz %9ko jaitsiera izan zuten. Aldiz, %17 handitu zen ibilgailuena. Aurrera begira, hazten jarraitzea espero dute agintariek, elektrifikazioa dela-eta sektorean aldaketa handiak datozela jakitun dauden arren. Edukiontzien alorrean ez du hazteko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.