EGURRA JASO DUEN SEKTOREA

Zuraren balioak minimoa jo zuen krisi ekonomikoa gordinenean zegoen urteetan, baina, apurka, basogintzaren jarduera lehengoratzen ari da Hegoaldean. Krisi aurreko datuak oraindik urrun daude, eta belaunaldien arteko aldaketa huts egiten ari da, gainera. Kezkatuta daude sektorean.

Enbor multzo bat pilatuta. Egurraren prezioagoraka ari da apurka. QILAI SHEN / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Satelitetik Euskal Herriari begira jarri, eta argazki bat eginez gero, ikusiko litzatekeen lehen irudia berdea izango litzateke. Kolore hori edukiko luke, hain zuzen, euskal geografiaren %53 basoa eta zuhaiztia delako. Horrek guztiak industria oso bat dauka atzean, bere horretan baso soil dirudien arren, eta Euskal Herrian hedadurarik handiena hartzen duen jarduera da gainera. Hala izanda ere, sektore ekonomiko horren argazki zehatza egin gabe dago, satelitetik ikusten denaz aparte. Datu solte ugari daudela alegia, baina erradiografia zehatzik ez.

Gabezia hori sumatu du, esaterako, Baskegur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egurraren elkarteak. Orain arte ez du hiru herrialde horietako basogintzaren eta zuraren sektorearen inguruko ikuspegi orokorrik eduki, eta horregatik egin du halako ikerketa bat. Joan den astean aurkeztu zuten sektorearen liburu zuria. «Beharrezkoa zen jakitea zein zen egoera; informazio hori ez daukazunean, ikuspegi orokor bat duzulako, eta, horregatik, ona izan da datu horiek eskura izatea», azaldu du Reyes Urbizu Baskegurreko zuzendariak. Behin datuak eskuan, espero zutena jaso dutela dio. 2014an, zuraren sektoreak EAEko ekonomiaren %1,53 ordezkatzen zuen, eta 1.010 milioi euroko eragin ekonomikoa sortu zuen. Sektoreak 18.000 pertsonari eman zien beharra 2014an, horietatik 11.760 lanpostu zuzenekoak izanik. Datu horiek ontzat jo ditu Urbizuk, «egoera zein den ikusita batez ere». Baina krisiak erabat harrapatu du lanbidea, eta horren lekuko da 2000. urteko datua. Sektorean zuzenean ia langile kopuru bikoitza ari zen orduan: 20.676. Krisi ekonomikoak ere bete-betean jo baitu jarduera hori, batez ere eraikuntzaren sektorearen beherakadaren ondorioz.

Hiru herrialde horientzakoa bezalako azterketarik ez dute egin Nafarroan, baina Ademan zuraren sektoreko enpresarien elkarteak eta Foresna lursailen jabeen elkarteaak emandako datuek lagundu dezakete ikuspegi orokor bat izaten. Horien arabera, lurraldeko BPGaren %0,73 ordezkatzen du egurraren sektoreak, baina basogintzako jarduera kontuan hartu gabe. Beraz, pentsatzekoa da ekarpen handiagoa egingo diola basogintzaren atala kontuan hartuz gero. Eragin hori, ordea, jaitsi egin da, krisiaren aurreko urteetan ekonomiaren %1 ordezkatzen zuelako. Lanpostuei dagokienez, 2.350 pertsona ari dira egurgintzan zuzenean, eta zeharka beste horrenbeste direla kalkulatu du Oskia Saldise Ademaneko kudeaketa arduradunak. Denera, Nafarroako lanpostu guztien %1 ordezkatzen du.

Haizete baten eragina

Egurraren eta basogintzaren sektorean eraikuntzaren beherakadak eragin zuzena izan zuen 2008an hasi zen krisiarekin. Baina urtebete geroago Landetan (Frantzia) izan zen haizeteak krisi hori sakondu besterik ez zuen egin. 300.000 hektarea baso bota zituen haizete hark, eskualdeko basoen %60. Egur eskaintza handitu egin zuen egoera hark, eta intsinis pinuaren prezioa minimoetara iritsi zen. 2000. urtean jo zuen goia pinuaren prezioak, eta orduko indizetik %81 jaitsi zen egur horren balioa. «Horrek lur jota utzi zuen sektore osoa, soberakinak edukita, egoera hori ez delako astebetean konpontzen», azaldu du Urbizuk. Azken urteetan, ordea, gora egin du prezioak, eta horrekin batera sektorea esnatzen hasi dela sumatzen du Baskegurreko zuzendariak.

Haizete hark ekarri zuen krisiaren eragina basogintza eta zuraren sektore osoan sumatu zen, baina, Saldiseren ustez, azken urteetako krisiari ondo eutsi dio sektoreak. «Zerrategietan kontsumitzen zen zura minimoetara jaitsi da, hori egia da, baina, horren ordez, merkatu berrietara irekitzen jakin du sektoreak: biomasara, esaterako». Horri esker, jarduerak jarraitu ahal izan du, eta nazioartera begira ere jarri dira ekoizleak. Urbizuren esanetan, duela hamar urte askoz gutxiago bideratzen zen kanpoko merkatuetara, baina gaur egun merkatu berriak bilatu dira, eta, «horri esker, lanean jarraitu ahal izan dute bertako enpresek». Saldisek ideia hori berretsi du,eta adierazi «gaur egun, Landetako haizetea baino lehen zegoen jarduera berdintsua» lortzen ari dela.

Krisiaren eragina, ordea, sumatu da, eta zuraren ekoizpenean aritzen diren enpresetan batez ere. Denen artean altzarigintza izan da kaltetuena: 2000. urtean, 1.203 altzari enpresa zeuden EAEn, eta 2014an, 699ra jaitsi zen kopurua. «Dena ez da Ikea efektua izan; enpresa asko belaunaldien arteko katea eten izanagatik itxi dira», Urbizuren arabera. Altzarigintzan enpresa gehienak txikiak izaten dira, eta jabea erretiratu ostean jarraipenik eduki ez izanagatik itxi direla dio. Baina, era berean, onartu du jendearen erosketa ohituretan izan den aldaketak ere eragina izan duela. Zerratokiek ere kolpe handia hartu dute, denbora tarte berean eta erkidego berean 1.133 lantegietatik 672ra igaro delako. Egurraren balioa jaitsi izanak eragina izan du horretan, Saldiseren ustez, eta belaunaldi aldaketari eutsi dio Urbizuk hor ere. Azkenik, papergintza izan da krisiari ondoen eutsi dion jarduera. «Egia da digitalizazioak eragina izan duela, baina kanpoko merkatuetara begira jarri dira lantegi horiek, eta egoerari hobeto eutsi ahal izan diote», Urbizuren arabera. 163 enpresetatik 123ra jaitsi da kopurua jarduera horretan.

Basoa, aldaketa eske

Egoera hobetzen ari den arren, eta egurraren balioa apurka gora egiten ari bada ere, basogintza ataka zailean dago, Juan Miguel Villarroel Foresnako kudeatzailearen arabera. «Basoen jabeak oso nekatuta daude. Inbertsio handia egiten dute euren lursailetan, azkenean mozten ikusiko ez dituzten zuhaitz batzuk hazteko». Egurraren merkatua ezegonkorra dela dio, haren balioa egun batetik bestera aldatu daitekeelako, «eta horrek berekin dakar noiz moztu behar den behar bezala ez jakitea». Mendi askoren gaineko zaintza lanak, gainera, uzten ari dira jabe asko, «lan handia eskatzen duelako, eta onura gutxi jasotzen delako bertatik».

Gobernuek diru laguntzak ematen dituzte landaketa horiek egin eta sektorea bultzatzeko, «baina gehiago behar da, askotan jabeak egiten duen inbertsioaren erdia bakarrik ematen delako». Gainerakoa bakoitzak bere poltsikotik jarri behar duela dio. Horrek belaunaldien arteko etena ekarri du beste behin ere, Urbizuren ustez. «Askok jabetza daukate, baina ez dakite non dagoen ere; horregatik, basoa erakargarri egin behar da, eta, nik uste, balioa irabaziz doan heinean, hori lortuko dela». Horregatik, itxaropentsu dago alde horretatik.

Iker Iurrebaso Baso ahaztuak dokumentalaren egilearen arabera, baso mistoa ugaritzen ari da basoak zaindu gabe utzita. «Bertako basoak berreskuratzeko politikarik ez dago gaur-gaurkoz, utzikeria baizik». Hori dela eta, beste basogintza politika bat eskatu du, «jarduera intentsiboan oinarritu ordez, eredu iraunkor eta dibertsifikatu batera jotzeko». Euskal Herriko zurari zailtasunak ikusten dizkio Landetako edo Alemaniako ekoizpenarekin lehiatzeko, kopuru aldetik behintzat. Horren ordez, «kalitatean oinarritutako eredu batera» jo beharko litzatekeela azaldu du. «Gauzak astiroago egin behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.