Ekonomia

Egurraren sektoreak EAEko BPGaren %1,53 ordezkatzen du

Basogintza eta egurraren sektorearen inguruko lehen ikerketaren arabera, 1.010 milioi euroko eragina dauka.

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 29a
18:31
Entzun

Orain arte ez da sektorearen ikerketa zehatzik egin, baina Baskegur-ek eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, lehena egin du EHUk. Eta datu azpimarragarriak atera dituzte bertan. Besteak beste, egurraren eta basogintzaren sektoreak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %1,53 ordezkatzen du, eta ekonomiari 1.010 milioi euroko ekarpena egiten dio. 18.000 pertsonak lan egiten dute basoetan zein egurrarekin lan egiten duten lantegietan. Lanpostu horietatik 11.760 sektoreari zuzenean lotuta daude, eta 6.247 beste jarduera batzuei lotuta. Egurraren enpresa sareari begiratuz gero, EAEko enpresak gehienbat txikiak dira. Enpresen %95ek hogei langile baino gutxiago dauzkate, eta %4,8 ertainak dira. 200 langile baino gehiago dituzten enpresa handiak papergintzari lotutakoak dira. Sektoreko lantegiek erabiltzen duten egurra, bestalde, %68 bertakoa da; %30, Espainiatik ekarria, eta %1, beste herrialde batetik.

Mendietara ere begiratu du ikerketak, eta urterik urte zuhaitzen azalera areagotzen ari dela zehaztu du. EAEko lurraldearen %54ean zuhaitzak daude, edo beste modu batera esanda, 396.962 hektareatan. Europako Batasuneko ratiorik altuena da hori, EHUren ikerketaren arabera. Denetara, 62,6 milioi metro kubiko egur daude, eta urtero 3,4 milioi metro kubiko hazten da kopuru hori. Urtero mozten den egur kopurua, ordea, kopuru horretatik urrun dago, 1,2 milioi metro kubiko mozten delako. Eskuragarri dauden baliabideen azpitik, hain zuzen. Egurraren stocka eta urteko hazkundea produktuaren erabileraren gainetik daude; beraz, tokiko basogintza egurraren sektoreak tokiko industriak behar duen lehengaiaren eskaria arazo barik hornitu dezakeela ondorioztatu du ikerketak. Horri dagokionez, ekoizpen zikloan sortzen diren produktu eta azpiproduktuek basogintza sektoreko biomasaren, elektrizitate sorgailuetarako erregaiaren, galdaren eta berogailuen etorkizuneko eskaintzari erantzuteko aukera handia ematen dutela ere azpimarratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.