Gizarte laguntzak

EH Bilduk diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak leuntzea nahi du

Esan du dirua badagoela, eta horren adibide dela Jaurlaritzak 2013ko aurrekontua agortu ez izana.

Miren Garate.
2014ko martxoaren 26a
07:37
Entzun 00:00:0000:00:00

2011n diru sarrerak bermatzeko errenta kobratu ahal izateko baldintzak gogortu zituen Eusko Jaurlaritzak, PPk eta PSE-EEren akordioaren bidez. Urtebetetik hiru urtera igo zuten gutxieneko erroldatze epea; erabaki zuten lanean edo formakuntzan ez daudenek gizarte lanetan lagundu beharko zutela, "premia egoeretan"; horrez gain, erreformak zioen Lanbidek egindako enplegu eskaintza bati uko egiten ziotenek laguntza galduko zutela. EH Bilduk lehen bi baldintza horiek ezabatzeko eskatu du, eta proposamena ezbaidatuko dute Legebiltzarrean.

Batez ere EAJri eskatu dio EH Bilduk proposamena babesteko. "Legean aldaketa horiek eginez gero, bere ahalmen ekonomikoa gaindituko litzatekeela dio, baina ez da egia". Alderdiak nabarmendu du Jaurlaritzak ez duela 2013ko aurrekontua agortu, 76 milioi euro kutxan gorde dituelako. "Lotsagarria eta onartezina da krisi egoera batean gobernu batek horrela jokatzea, milaka herritarrek premia larriak dituztenean edozein gobernuk derrigorrezkoa duelako eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea jendartearen premiak asetzeko".

Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua ere Legebiltzarrean izango da bihar. Jaurlaritzak errenta kobratzeko baldintzak gogortu ostean, Gipuzkoako Diputazioak laguntza propioa sortu zuen 2012an. Aurten, 7 milioi euro gastatuko ditu. "Berezkoa ez den eskumen batean halako esfortsua luzaro mantentzea zaila da", adierazi du Rodriguezek. Jaurlaritzari gogoratu dio "bidegabekeria" hori konpontzeko aukera duela bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.