EH Bilduk eta ERCk adierazi dute ezetz esango dutela

xabier martin
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzale subiranistek agerraldi bateratu bat egin dute Espainiako Kongresuan, lan erreformari dagokionez fronte bateratua eratu dutela adierazita. EH Bilduk, ERCk, BNGk eta CUPek osatutako fronte horrek garbi utzi du ez dizkiola bere botoak emango Pedro Sanchezen gobernuari lan erreforma aurrera ateratzeko; ez behintzat egun idatzia dagoen moduan aurkezten badu Kongresuan.

Ez da ezezko biribila, eta aldaketak negoziatzeko prest daude alderdi horiek, «erabateko zintzotasunez». Eztabaidagai posible horien artean aipatu dituzte erkidegoko sektoreko lan itunek lehentasuna izatea eta kaleratzeetan 45 lan eguneko kalte ordaina ezartzea berriz. Alegia, lan hitzarmenen lehentasuna bakarrik ez, EH Bilduk aurreko astean jakinarazi zuen moduan, ERCk ere kaleratze errazen eta merkeen araudia aldatzea nahi du, 2012ko erreformaren aurreko baldintzetara itzultzeko. Enpresen barneko malgutasun mekanismoen barruan sartzen da eduki hori; CEOE patronalak Madrilgo mahai sozialean izan duen garaipenik handiena da, berau baita erreforma berriak aurrekoaren muina hartu izanaren arrazoi nagusia.

Astebete falta da Espainiako Kongresuan lan erreformaren proposamena bozka dezaten, gobernuaren dekretua baliozkotzeko edo atzera botatzeko, eta alderdiak haien jarrera zehazten ari dira. EAJk ere garbi baino garbiago utzi du azken egunetan ez dela milimetro bat mugituko itunen lehentasuna aldatzen ez bada, euskal itunek nagusitasuna ukan dezaten Euskal Herrian.

Yolanda Diaz Katalunian

Alderdi bakoitzak modu autonomoan jokatuko du bozketari begira, nahiz eta fronte bateratu gisa azaldu diren. ERCko parlamentari Jordi Salvadorrek onartu du Yolanda Diaz Lan ministroak «saio bat» egin duela negoziatzeko: «Badira gauzak akordio bat adosteko». Eta erantsi du «eduki horiek» zehaztu egin beharko liratekeela akordio bat egiteko. Salvadorrek, dena den, azpimarratu du Diaz ez baina gobernuko beste kide batzuk «betoa» jartzen ari direla negoziazioari, esaten ari baitira «koma bat bera ere» ez dela aldatuko testuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.