Finantzak

EH Bilduk ez du geratu Kutxen legearen tramitazioa

Beste taldeek atzera bota dute koalizioaren osoko zuzenketa

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 7a
11:25
Entzun

Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea bertan behera botatzeko EH Bilduren saioak huts egin du, eta tramitea jarraituko du legeak. Koalizio independentistak osoko zuzenketa aurkeztu zion legegaiari, Xabier Isasiren hitzetan, «Espainiako legediari men egin» eta uko egiten diolako Gernikako Estatutuak gai horri buruz eskuduntzak erabiltzeari. EH Bilduk salatu du legeak %40tik %25era txikitzen duela erakunde publikoek banku fundazioetan izan dezaketen parte hartzea, fundazio horiek «kontrol publikorik gabeko patroiek» kontrolatuko dituztela, eta ez dela gizarte ekintza bermatzen.  Alternatiba gisa, Isasik proposatu du BBK, Kutxa eta Vital fundazio arrunt bihurtzea, haien gaineko kontrol publikoa egin ahal izateko.

«Errealitate juridikotik» kanpoko proposamenak egitea aurpegiratu zion EH Bilduri Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak. «Ezinezkoa proposatzea herritarrei iruzur egitea da, eta ez da zintzoa».

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformako kideak Legebiltzarraren kanpoaldean elkartu ziren, lege proiektua bertan behera geratzeko eskatzeko. «Euskal kutxak likidatzeko prozesuan urrats bat gehiago da, akzioak kapital pribatuaren esku geratzeko aukerak handitzen dituelako», ziurtatu dute Janire Landaluzek (ELA) eta Bea Martxuetak (LAB).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.