Kutxak

EH Bilduk "iruzur ikaragarria" salatu du Kutxan

Kutxako bozetara aurkeztutako eragile sozialen hautagaitza bakarra baliogabetu dute, ordezko hautagaiak 70 urtetik gora dituelako. [Youtube]http://youtu.be/a0zseiPw4rw[/Youtube]

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 19a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Etzi dira Kutxabank osatzen duten hiru kutxetako administrazio kontseiluak berritzekoak. BBKn eta Vitalen ez da aldaketarik espero: EAJren esku jarraituko du lehenak eta PPren esku bigarrenak. Kutxan, berriz, airean dago dena. EH Bilduk eta EAJ-PP-PSEk osatutako koalizioak indarrak parekatuta dituzte, eta hamabost kideko administrazio kontseiluan bi aldeek zazpina ordezkari lortzea espero da. Baina EH Bilduren alde, edo berdinketa eragin dezakeen abstentzioren alde, egin zezakeen eragile sozialen hautagaitza bakarra baliogabetu du Kutxak, eta Joseba Permach Gipuzkoako Diputazioaren kutxako ordezkariak “iruzur ikaragarria" salatu du.

Aranzadi, DYA, Kontseilua eta Alcer dira Kutxako admnistrazio kontseiluko ordezkari bat aukeratu behar duten eragile sozialak. Hautagaitza bakarra aurkeztu dute, baina Kutxak baliogabetu egin du zerrenda, ordezkoak 70 urtetik gora dituelako. “Estatutuetatik kanpoko aitzakia iraingarria” erabili dutela salatu du Permachek, “estilo ezin bananeroagoan”. Kontseiluaren hautaketarako 48 ordu geratzen direlarik, zer gertatuko den ere ez dakitela aitortu du Permchek, estatutuek ez dutelako horrelakorik aurreikusten. “Ez dakigu erabakia Xabier Iturbek berak [Kutxako zuzendariak] hartuko duen ala Sabin Etxeak hartuko duen”. Dena dela, EH Bilduk egoera aztertuko duela iragarri du, eta hausnartuko duela zein bide hartu: erabakia inpugnatu edo auzitegiatara jo, esaterako.

Etziko bozketan EH Bilduk zazpi ordezkari eta EAJ-PP-PSEk ere zazpi lortzea espero da, baina eragile sozialen hautagaitza baliogabetuta alda daiteke balantza. CCOO eta Pixkanaka lan sindikatuen hautua erabakigarria izan daiteke, eta Permachek eskari zuzena egin die: “Ez diezaiotela bozka eman politika neoliberaletan sakontzeko helburua duen EAJ-PP-PSEren hautagaitzari”. Hala ere, gehiengoaren balantza alde batera edo bestera mugi dezakeen pieza erabakigarriena udalerrien ordezkarien banaketan egongo da. Udalerrietako hamalau ordezkariek (zazpina dituzte bi aldeek) kontseilurako hiru ordezkari hautatu behar dituzte: EH Bildurentzako izango da bat, EAJrentzako beste bat, eta hirugarrena airean dago. Estatutuen arabera, airera botatako txanpon batek erabakiko du norentzat izango den aulkia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.