EH Bilduk ohartarazi du azarorako Kutxabank pribatua izango dela

Erakundea osatzen duten hiru kutxek estatutuak Kutxen Legera moldatzeko batzarrak egingo dituzte bihar

Maite Alustiza.
Donostia
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Kutxabanken pribatizazioa «berehalakoa» da: azaroan Kutxabank «erabat pribatua» izango da. Hala salatu zuen atzo berriro ere Euskal Herria Bilduk, Kutxabank osatzen duten hiru kutxek egingo dituzten batzarren aurretik. Koalizioaren arabera, ekainean onartu zen Aurrezki Kutxen Legeak ateak ireki dizkio pribatizazioari, eta aukera hori areagotu egin da Europak Espainiari aurrezki kutxen eta bankuen arteko banaketa eskatu ondoren — finantza erakundeen erreskaterako baldintza gisa ezarri dio azken hori—. Bihar hainbat batzar egingo dituzte Kutxak, BBK-k eta Vital Kutxak, euren estatutuak Kutxen Legera moldatzeko. Kutxetako aginte organoen banaketa berria aukeratzeko prozesua ere abiatuko dute.

«Ezin dugu Kutxabank pribatiza dezaten onartu», adierazi du Joseba Permach ezker abertzaleko kideak EH Bilduren izenean. Haren arabera, EAJ eta PP ados jarri dira, «Bildu alboratuz», Kutxabanken boterea eskuratu ahal izateko, eta PSE-EEren babesa dute horretarako. EAJri eta PPri leporatu die Kutxabanken kontrol organoetan «aniztasuna» desagerrarazi nahi izatea, eta Kutxen Legeak udalak «diskriminatu» egiten dituela uste du.

Aldaketak ordezkaritzan

Lege berriaren arabera, erakunde publikoetako ordezkaritza murriztu egingo da, %50etik %40era. Ezarleek 48 ordezkari aukeratuko dituzte; erakunde fundatzaileek —hiriburuetako udalak eta diputazioak— , 17; udalerriek, 17; langileek, 7; batzar nagusiek, 6; eta interes kolektiboko erakundeek, 5.

Permachek dio ordezkaritza hori ez dela integrazio kontratuan Bildurekin adostutakoa. Hark azaldu du kontratuaren arabera hiru kutxen batzarrei dagokiela kapital pribatuari sarrera emateko erabakia, baina EH Bilduk uste du badirela balantza pribatizaziorantz makurtzen duten hainbat faktore: Espainiako Bankuaren araudia, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren asmoak, Kutxen Legea, bihar bozkatuko diren estatutuak eta EAJren, PPren eta PSEren jarrera. Permachek adierazi du aurrezki kutxak fundazio bihurtuko direla eta, horren ondorioz, kutxek sortu zirenean zuten helburua bertan behera geratu dela, gizarte ekintza desagertuz.

Pribatizazioaren aukerari aurre egiteko, EH Bilduk bere proposamena egin du: «Herritarren zerbitzura egongo den banku publikoa, sistema garden eta demokratikoa, justizia soziala lehenetsiko duena, eta krisi sistemikoa gainditzen lagunduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.