EH Bilduk salatu du aurrezki kutxak banku pribatu bihurtu nahi dituztela

Koalizioak EAJri eta PPri leporatu die Kutxabank «esku pribatuetan» utzi nahi dutela

EH Bilduko ordezkariak, atzo, Donostian egindako agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
90eko hamarkadako Italiara egin du atzera Euskal Herria Bilduk euskal kutxen etorkizuna marrazteko. Koalizioak azaldu duenez, garai eta leku hartan aurrezki kutxak banku pribatu bihurtu zituzten, eta, horrela, gizarte ekintzaren arrastorik ere ez zen geratu. Hori da, hain zuzen, PPk eta EAJk «esku artean» dutena, EH Bilduren iritziz. Uste du bi horien asmoa Kutxabank «esku pribatuetan» uztea dela, eta administrazio kontseiluan botere osoa eskuratzeko itun bat egin dutela horretara heltzeko.

EH Bilduren ustetan, euskal finantza sistemaren egoera«oso larria» da, eta larritasun hori Kutxen Legeari egotzi dio. «Lege horrek udalak diskriminatzen ditu, batzarren osaketan ordezkaritza murriztuta», salatu du.Ekainaren 14an onartu zen Aurrezki Kutxen Legea Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PPren aldeko botoekin, eta PSE-EEren babes partzialarekin. Legeak ekarriko duen aldaketetako bat da murriztu egingo dela erakunde publikoen ordezkaritza, %50etik %40ra.

Batzarrak, hilaren 26an

Kutxen Legea onartu zenez, Kutxabank osatzen duten hiru aurrezki kutxek —BBK, Kutxa eta Vital Kutxak— batzar batzuk egin beharko dituzte orain, kutxetako gobernu organoak berritzeko. Hilaren 26an egingo dituztela iragarri zuten atzo. Horiek parte diren bankuaren administrazio kontseilua ere berritu beharko da.

Lege berriaren arabera, kutxetako batzarretako ehun ordezkariak honela hautatuko dira: ezarleek aukeratuko dituzte 48; erakunde fundatzaileek —hiriburuetako udalak eta diputazioak— 17; udalerriek 17; langileek 7; batzar nagusiek 6; eta interes kolektiboko erakundeek 5. Erakunde sortzaileen ordezkariak ez dira aukeratuko alderdi bakoitzaren proportzionaltasunaren arabera; gehiengoa duenak aukeratuko ditu kide guztiak. Egungo osaketa aintzat hartuta, EAJk aukeratuko lituzke Bizkaian, Bilduk Gipuzkoan eta PPk Araban. Kutxabankeko administrazio kontseilua ere gehiengoz aukeratuko da, eta ez batzar bakoitzaren proportzionaltasunaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.