EH Bilduk Sanchezi: «Pazientziak muga bat du»

Mertxe Aizpurua diputatuak Espainiako gobernuburuari ohartarazi dio «premiazkoa» dela lan erreforma indargabetzea. EAJ ere haserre agertu da Madrilekin, EBren funtsen banaketa zehazten ez duelako.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua asteazken honetan eginiko agerraldian. CHEMA MOYA (EFE)
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 14a
19:38
Entzun

Lan erreforma arrakala bat sortzen ari da EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanean. «Premiazkoa da lan erreforma bertan behera uzten hastea; nahikoa tarte eman dizugu, eta badakigu [Yolanda Diaz] Lan ministroa ahalegina egiten ari dela. Pazientzia izan dugu, baina denak du muga bat». Hitz horiekin ohartarazi du asteazken honetan Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Madrilgo Kongresuan. 

Sanchezek agerraldia egin du Kongresuan, bezperan bere gobernuak aurkeztutako Espainiak ahal du. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana-ri buruzko azalpenak emateko. Izen hori du EBren Next Generation EU funtsak jasotzeko Madrilek Europako Batzordeari aurkeztu beharreko erreforma sortak. Erreforma horien artean daude Sanchezen gobernuak esku artean dituen bi garrantzitsuenak: lan merkatuarena eta pentsioena; horiek dira, hain zuzen ere, gutxien zehaztutakoak, oraindik negoziatzen ari direlako sindikatuekin eta patronalarekin.

Lan erreformari dagokionez, 2012an eta 2013an PPren gobernuak egindako aldaketen «puntu kaltegarrienak» bertan behera uzteko konpromisoa hitzartu zuen iazko maiatzean EH Bilduk Madrilgo gobernua osatzen duten bi alderdiekin, PSOErekin eta UP Unidas Podemosekin. Ia urtebete igaro da ordutik, eta tarte horretan argi geratu da sozialistak ez daudela aldaketa asko egiteko gogoz. Europako Batzordearen presioa badago, baina baita CEOE patronalaren ezezkoa ere negoziazio kolektiboa enpresaburuaren aldera lerrokatu zuen legedi bat aldatzeko. Presio horiei aurre egiteko eskatu dio Aizpuruak Sanchezi: «Ez zaizkigu axola patronalaren iritzia, Garamendi jaunaren kexuak, eta enpresa handiek ezarri nahi dituzten betoak; langileak eta haien eskubideak inporta zaizkigu».

Pentsioen erreforman ere EH Bilduren botoa arriskuan duela ohartarazi dio Aizpuruak Sanchezi. Pentsioak «hobetzeko» eskatu du, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko, eta Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak proposatutako moldaketa salatu: «Ezkutuko murrizketa da hori beren lan bizitza luzatu nahi ez dutenei edo ezin dutenentzat; langile asko arrastaka iristen dira erretiratzeko adinera. Neurri ezin okerragoa da, eta ez dugu babestuko». 

Kongresuko saio horretan ere, Sanchezek bere ohiko beste euskal aliatuaren kexua entzun behar izan du: Aitor Esteban EAJko diputatuak Europako Batasuneko funtsen erabilerari buruz atal gehienak zehaztu gabe izatea aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari: «Jakinarazi behar duzue nola iritsiko den dirua enpresetara eta administrazioetara, ministerio bakoitzak gauza desberdinak esaten dituelako; jakin behar dute norengana jo behar duten».

Eusko Jaurlaritzak egindako beste bi kritika ere errepikatu ditu Estebanek: batetik, Madril industria baztertzen ari dela funts horien banaketan, nahiz eta EBren helburuetako bat den funtsak baliatzea industria berritzaileak sustatzeko; bestetik, «zentralismorako itzulera den federalismoa» praktikatzea leporatu dio Sanchezi: «Zuek erabakiko duzuelako zer eta nori banatu».

Puntu batean bat egin zuten Estebanek eta Aizpuruak: maiatzaren 9a goizegi da alarma egoera bertan behera uzteko. EAJko eta EH Bilduko diputatuen esanetan, alarma egoerak soilik ahalbidetuko die autonomia erkidegoei joan-etorriak gutxitzeko neurriak bermeekin ezarri ahal izatea. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.