EHNEk ikuskaritzak defendatu ditu, lan merkatu justu bat izateko beharrezkoak direlako

Kontratazioan iruzur egiten dutenek, langileak "miseriara" eramateaz gain, beste ustiategiak babesgabe uzten dituztela, "merkatua lehertuz".

Artalde bat, Nafarroan. IVAN AGINAGA, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 6a
13:28
Entzun

Felix Bariain UAGN sindikatuko presidenteak lan ikuskaritzen aurka esandakoen ondoren, EHNE sindikatuak horien beharra argudiatu du gaur. Adierazi du kontrol horiei esker lan baldintza justuak bermatzen direla lehen sektorean, "ez soilik kontratatutako langileena, baizik eta baita familia ustiategietan oinarritutako nekazaritza eta abeltzantzaren aldeko apostua egin dutenena ere". Gaineratu du azken horien arerio nagusiak, hain zuzen, langileen kontratazioan iruzur egiten dutenak direla.

EHNEren arabera, iruzur egiten duten horiek mehatxatuta ikusten dute orain euren jarduera, ahalik eta kostu gutxienarekin produzitzeko aritzen direlako horrela, "merkatua lehertuz". "Horrek babesgabetasun erabaterakora eramaten gaitu", dio sindikatu horrek.

Zehaztu du legez kanpoko kontratazioek "miseria" dakarrela langile horientzat, eta "lehia basatia" lehen sektorean diharduten beste ekoizleentzat. Horregatik, guztientzat lan baldintzat duinak eskatu ditu, eta langilek horiek, "migratzaileak asko", kontratatzeko denborak bizkortzea eskatu du; sindikatu horren arabera, gaur egun langileak kontratatzeko dagoen "korapilo burokratikoa" baita lehen sektoreko langileei legezko estatusa eduki ahal izatea oztopatzen diena.

"Ekoizpen eredua aldatzeko unea da, modu jasangarrien eta gertukoen alde apostu eginez, ingurumenarekiko errespetuz, familia izaerako ustiategietara itzuliz, gaur egungoa ez den kontsumo mota batekin bat datorrena", dio EHNEk bere oharrean.

EHNEk azaldu du Bariainek ez dituela lehen sektorean lan egiten dutenak ordezkatzen eta euren lana ulertzea zailtzen dutela. Kontrol horien aurrean hurrengo protestatan ez direla baketsuak izango egin zuen mehatxu Bariainek sare sozialetan zabaldu zuen bideo batean. Aste honetan, ordea, sortu duen zalapartaren ondoren barkamena eskatu du esandako moduagatik, baina ez esan zituenengatik.

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.