NEKAZARITZA

EHNEk manifestazio batekin agurtuko du egungo Jaurlaritza

Hilaren 24an nekazaritza politika aldatzeko exijituko dute baserritarrek; Saenz de Samaniegok zuzentzen duen sailari «egitura komertzialen mesedetan» aritzea leporatu diote

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2005eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hauteskundeen atarian manifestazio batekin agurtu nahi du Euskal Herriko Nekazarien eta Abeltzainen Elkarteak (EHNE) Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburua. Mobilizazioa datorren otsailaren 24an izango da, traktore eta guzti, Gasteizko erdigunean. Nekazaritza Sailari «norabide aldaketa» galdegin nahi diote EHNEko baserritarrek manifestazio horretan.

Nekazariek eta abeltzainek ekoizten dituzten produktuak banatzeko eta merkaturatzeko departamentuak sustatu dituen egiturak kritikatu ditu EHNEk. «Monopolioen bidez eratutako nekazaritza industrializazio eredua bultzatzen ari dira», adierazi zuen Iñaki Fernandez de Larrea EHNEko kide eta UAGAko presidenteak, mobilizazioaren aurkezpenean. Besteak beste, Iparlat, Gurokela edo labeldun produktuen merkaturatzea aipatu zituen Fernandez de Larreak, eta beste zenbait produkturekin -patata, arrautzak edo barazkiak Jaurlaritzak antzera jokatu nahi duela ohartarazi zuen.Nekazaritza Sailak erakunde horien finantzazioan parte-hartzen du. EHNEren irudiko, horrek ez dio ekoizleari inolako onurarik ekartzen. Zenbait kasutan, gainera, baserritarrei «xantaia» egitea egotzi zion Fernandez de Larreak Saenz de samaniegok zuzentzen duen departamentuari. «Duela bi aste Agurainen izandako bildots enkantean abeltzainek Gurokelari eskaini behar izan zioten produktua, bestela zenbait laguntza jasotzeko aukerarik gabe geratuko zirelako».

Hiltegien itxiera



Arantxa Arrien EHNEko ordezkariak ildo horretan sakondu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak nekazariei eskaintzen dien aukera bakarra «industria eta egitura komertzialen morroi izatea, edo aurrera egiteko oztopoz beteriko bidea gainditu beharra» dela azpimarratu zuen.

Hiltegien erreforma gaitzetsi zuen Arrienek. «Tokiko baserritarren eta hiritarren konfiantzazkoak diren hiltegiak itxi nahi dituzte, departamentutik sortutako egitura komertzialen esku egongo diren beste hiltegi batzuen mesederako».Arau, dekretu eta proiektu batzuk martxan jartzerako garaian Nekazaritza Sailak izan duen jokabidea ez dela onena izan uste dute EHNEko ordezkariek. Horren haritik, politikari buelta emateko unea iritsi dela azpimarratu dute. Besteak beste, Sektore Arloko Plan bat beharrezkotzat jo dute. Lurraren defentsan oinarritutako nekazaritza ezinbestekoa dela dio EHNEk jardueraren etorkizunaziurtatu ahal izateko.

Lanpostuen galera, etengabea

Hilaren 24ko manifestazioa iragartzeko ekitaldian nekazaritzak eta abeltzaintzak bizi duten egoera larria hizpide izan zuten EHNEko ordezkariek. 1997. eta 2003. urteen artean lehen sektoreko 5.000tik gora lanpostu deuseztatu ziren. Galera horri aurre egiteko eta lanpostuak sortzeko, helburu eta epe zehatzak markatzearen alde daude baserritarrak. Helburu horiek salneurri duinekin lotuta egotea nahitaezkoa dela uste dute, halaber.

Eguerdiko 12etan abiatuko da mobilizazioa, Mendizorrotzako aparkalekutik. Gasteiz etorbidea osorik zeharkatuko dute jarraian, Lakua auzoraino. Han Eusko Jaurlaritzak duen egoitza nagusiaren ataurrean elkarretaratzea egingo dute nekazariek eta abeltzainek.

-

LEGE-EGITASMOA



 

Nekazaritza Jardueraren Legearen kontra





Datorren asteko manifestazioan, bestalde, Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila prestatzen ari den Nekazaritza Jardueraren Legea salatu nahi du EHNEk. Oraingoz zirriborroa besterik ez da, baina baserritarrek bertan behera uzteko eta berria prestatzeko eskatu diote gobernuari.

Unzalu Salterain EHNEko ordezkariak azaldu duenez, bat datoz Saenz de Samaniegoren departamentuarekin nekazaritza arautzeko berariazko lege baten beharrean. Duela hamar bat hilabete estreinako hartu-emanak izan zituzten sailarekin, eta garai horretan markatu ziren helburuak begi onez ikusi zituzten. Joan den astean, berriz, lege egitasmoaren zirriborroa helarazi zioten EHNEri, eta testuarekin kritikoak dira. «Orain arte plan estrategikoetan babestu den ekoizpen eredua bazter batean uzten du. Lehiakortasunaz hitz egiten du, eta ez garapenaz», Unzalu Salterainen aburuz.Zirriborroaren edukiari buruz negoziatzen hasi baino lehen, manifestazioan salatu nahi dute, Jaurlaritzak atzera egin dezan. EHNEren irudiko, baserritarrak eta industriak maila berean jartzen ditu proiektuak. Arantxa Arrienek ziurtatu zuenez, «gobernuarentzako neu nekazari bat naiz, eta Eroski beste bat». Industriaren eta nekazarien artean «nahita eginiko nahasketa» dakar legeak, Iñaki Fernandez de Larrearen irudiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.