Gobernuak atzo Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean aurkeztu zuen 2012ko aurrekontuaren aurreproiektua. Batzorde horretan ordezkaritza dute gizarte eragileek eta sindikatuek. EHNE nekazaritza sindikatuak bileraren ostean «iraingarritzat» jo du UPNren eta PSNren gobernuak proposatutako gastu murrizketa. Landa Garapen, Industria, Lan eta Ingurumen departamentuak 324,27 milioi euroko aurrekontua izango du 2012an, eta horietatik 134 milioi euro lehen sektoreari egokituko zaizkio. EHNEk kritikatu du aurtengo aurrekontuekiko %19ko murrizketa dela eta lau urtean %37ko jaitsiera. «Horrela jarraituz gero, sektorerik gabe geratuko gara», ohartarazi du.
EHNEk gogora ekarri du abeltzaintzako ustiategiek diru galera handiak pilatu dituztela azken lau urteetan. Era berean, gaitzetsi du murrizketek «lerro estrategiko eta ezinbestekoei» modu larrian eragiten dietela. Aurreproiektuari 7,6 milioi euroren zuzenketak aurkeztu dizkio, eta alderdiak deitu ditu gobernuaren «astakeria» konpon dezaten.
ELAren kritika gogorra
CESeko bileraren ostean, ELAk ere prentsa ohar bat kaleratu du. Sindikatuaren arabera, gobernuak aurrekontuekin batera aurkeztutako neurri fiskalak «propaganda eta apaindura hutsak» dira, eta ez dute zerga sisteman «sakoneko aldaketarik» proposatzen. ELAk gaitzetsi du gobernuak murrizketen bidetik jarraitu duela beste behin ere. Horretaz gainera, gezurtatu egin du gizarte gastuan murrizketak txikiagoak direla: aurreproiektuan gastu osoa %3,1 gutxitu da; hezkuntzan %6,3, eta osasunean, berriz, %7,9.
Alvaro Mirandak CESen bileran azaldu die eragileei egoera «oso zaila» dela. Mirandaren arabera, eragile bakoitzak ezin dio soilik bere alorrari erreparatu; alde guztiek beren ekarpena egin behar dutela nabarmendu du. «Gobernuak ez ditu ekonomiaren bitarteko guztiak, ekonomia oso gai konplexua baita», arrazoitu du Mirandak.
EHNEren ustez, murrizketek suntsitzeko bidean jarri dute nekazaritza
Sindikatuaren arabera, 2012an %19ko gastu murrizketa izango du sailak, eta lau urtean %37koa izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu