«Ez dugu greba bertan behera utzi, %100eko zerbitzu minimoak inposatu dizkigute. Greba bost astekoa da, eta bigarrenean gaude, eta orain arte ez dugu biltzeko inolako proposamenik jaso ez enpresengandik eta EHUrengandik ere». ELA eta LAB sindikatuek horrela erantzun diote greban zeuden Euskal Herriko Unibertsitateko garbitzaileek Eusko Jaurlaritzako Lan Sailetik jasotako aginduari. Jaurlaritzak, Koronabirus izurritea dela-eta, eta azpikontratatuak egon arren, %100eko gutxieneko lan zerbitzuak ezarri dizkie; alegia, langile guztiak deitu ditu jornada osoan lan egitera. Sindikatuek«zerbitzu maximoak» direla salatu dute, eta «haserre eta etsipenez» hartu dutela agindua, baina «arduraz» jokatuko dutela, baina «ardura maila bera» eskatu diete negoziazioko beste hankei.
Maite Leizegi ELAko ordezkariak eta Itxasne LABekoak, 50 bat grebalariren babesarekin, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean kritikatu dute Lan Sailaren erabakia. Salatu dute beste langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen diela, baina azpikontrataturiko langileak ikasketa zentroetara joatera behartzen dituela, eta horrek garbi erakusten du «funtsezko» kolektibo bat direla, eta euren aldarrikapenei erantzuteko eskatu die. Garbitzaileen aurreko lan hitzarmena 2014an amaitu zen, eta hartaz geroztik eginiko bileretan ez da aldaketarik adostu. Martxoaren 2an greba hasi zuten.
Sindikatuen ustez, erabaki horrekin, «greba eskubidea» urratu du Lan Sailak, lan kolektibo feminizatuekin «sistematikoki» egiten duen bezala. «Erantzukizunaren zama betiko pertsona berberen gainean jartzea erabaki du Jaurlaritzak. Zentro hauetan osasun publikoa arriskuan zegoela uste bazuen, zentroak ixteko agindua eman beharko luke». Lan hauek egikaritzeko segurtasun neurri berezirik ez dela hartu ere zehaztu dute.
«Bandalismoa, enpresena»
Kazetariek hala galdetuta, sindikatuetako ordezkariek fakultate batzuetan egondako zikintze ekintzak hartu dituzte hizpide, EHUk «bandalikotzat» jo dituenak. «Bandalismoa EHUn 30 urte daramatzaten emakumezko langileak esplotatzea da; eta enpresari inplikazio maila handiagoa eskatu, eta negoziatzera behartu beharrean langileen eskubideak urratzea. Hori da bandalismoa». Era berean, aurreratu dute aginduak ez diela jarrera aldaraziko: «Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez».