Maiatzaren Lehena igaro eta bi egunera aldarrikatu nahi izan zuen langileen eguna Ernai gazte erakundeak atzo, Bilbon. Euskalduna ontziolaren itxieraren aurkako borrokaren sinbolo bilakatutako Deustuko zubitik abiatu zuten horregatik manifestazio nazionala, eta ehunka gaztek bat egin zuten deialdiarekin. Irati Sienra Ernaiko kideak irakurri zuen manifestua abiaburuan: «Maiatzaren Lehena ezin da egun bakar batean geratu, ezin da aldarrikapen huts bat izan, Maiatzaren Lehena sistema iraultzeko dugun beharra azaleratzeko egun bat da. Segida izan behar duen eguna». Burujabe. Larrutu sistema, eraldaketa gure baitan leloa zeraman manifestazioaren buruak.
Bestelako gizarte eta ekonomia eredu bat aldarrikatu zuen Sienrak, eta gazteen prekaritate egoera salatu zuen. «Kontraturik gabeko lanaldiak, minilan eredua, behartutako migrazioa, langabezia... hori da troikak guretzat duen eskaintza. Hori, Rajoy etaHollanderen eredu neoliberalaren gidaritzapean Gasteiztik, Iruñetik eta Baionatik eskaintzen digutena». Bestelako eredu bat eskatu zuen horregatik. «Merkatua jarri dute gure bizitzen erdigunean, bizitza jarri beharrean ekonomiaren eta politikaren erdigunean».
Euskalduna ontziolako borroka ere izan zuten gogoan gazteek hasierako ekitaldian. Itxi zutenean langile batzordeko presidente izandako Emilio Urretak ere hartu zuen hitza horregatik. Garai hartan lana galdu zutenak izan zituen gogoan Urretak, baita egun lanik gabe daudenak ere, eta langile borrokaren beharra azpimarratu zuen. Plaka bat ere jarri zuten zubian manifestazioa abiatu aurretik; Astilleros Euskalduna. Borroka duintasun eredua. Gora langileen borroka leloarekin.
Kaka, banketxeen aurka
Manifestakzioa. Izen hori jarri zioten atzokoari Ernaiko kideek; erdi manifestazio, erdi akzio. Ekintza sinboliko sorta prestatu zuten horregatik Deustuko zubitik Arriagako plazarainoko ibilbidean. Zenbait globoren laguntzaz, Politiko Putreak zioen kartel bat aireratu zuten, esaterako, Kale Nagusi hasieran PPk daukan egoitzaren parean. Hezkuntza herritik herriarentzat leloa zeraman afixa itsatsi zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzako sarreran. Diru poltsa bat zeraman txerri baten txotxongiloa hiltzen zutela jokatu zuten Confebasken egoitzaren aurrean. Tartak bota zizkioten Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariaren aurpegia ageri zuen irudi bati Moyua plazan. Eta EAJren eta Alderdi Popularraren arteko bat egitea irudikatu zuten Espainiako Gobernu Delegazioaren aurrean. Elkarrekin dantzatzen aritu ziren EAJko ordezkarien eta PPko ordezkarien maskarak zeramatzaten gazteak.
Tentsioa ere izan zen, ordea, ibilbide erdialdean. Manifestazio burua Bizkaiko Foru Aldundiaren parean zela, furgonetetatik jaitsi ziren ertzainak, eta aurrez aurre jarri zitzaizkien manifestariei. Kale Nagusiko banketxe baten aurka kaka bota zuten aurrez zenbait gaztek, eta Inditex konpainiako enpresa baten aurrean ke bonba bat ere piztu zuten. Orduan jaitsi ziren poliziak ibilgailuetatik. Lurrean eseriz erantzun zuten manifestazioan zirenek, ordea. Tarte batez geldi egon, eta giroa baretuta berriz hartu zuten Arriaga antzokirako bidea.
Bertan egin zuten azken ekitaldia, plaza bete gazteren aurrean. Antzerki modura irakurri zuten amaiera manifestua. Herensuge baten irudia zuten prest bertan. Lau burukoa: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena zen bata, Barcinarena bestea, Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikuarena hirugarrena, eta Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroarena laugarrena. Lau buruak moztu, eta burugabe utzi zuten herensugea azkenean. Internazionala, Eusko gudariak eta Zutik emakumeak abestuz amaitu zuten ekitaldia.
Ehunka pertsona bildu dira Bilbon gazteen prekaritatea salatzeko
Bankuen eta ordezkari politikoen aurkako ekintza sinbolikoak egin ditu Ernaik manifestazioan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu