Dirua inprimatzeko makina edo quantitative easing martxan jarri du berriro Erreserba Federalak (Fed). Behin AEBetako Ordezkarien Ganberarako zein Senaturako hauteskundeak amaituta, Erreserba Federalak atzo iragarri zuen altxor publikoko bonoak erosteari ekingo diola berriro. Erabaki historikoa izan da. Neurri hori hartuko zuela aurretik iradoki bazuen ere, noiz eta batez ere zenbat diru jaulkiko zuen sisteman jakitea falta zen, eta horregatik, ikusmin handia piztu zen.
19:30ean argitaratutako oharrean Erreserba Federalak argitu zuen ekainaren amaierarako 600.000 milioi dolar adinako bonoak erosiko dituela, hileko 75.000 milioi dolar. Ez da hor amaituko. New Yorkeko Erreserba Federalak, ordu berean argitaratutako beste ohar batean jakinarazi zuen higiezin alorreko aktiboetan 250.000 eta 300.000 milioi dolar arteko etekinak lortu dituela, eta horiek ere altxor bonoen erosketan baliatzeko prest dagoela. Hartara, sisteman 900.000 milioi dolar jaulkiko ditu, hileko 100.000 milioi euro. Funtsean, erabaki horrekin diru politika muturreraino estutzeko borondatea agertu du.
Erabakia historikoa izanagatik, ez da aho batez hartu. Erreserba Federaleko gobernadoreen batzordeko 11 kideetatik batek -Thomas M. Hoenig- kontra bozkatu du. Hoenigek dio handiagoak direla arriskuak onurak baino.
Quantitative easing edo arintze kuantitatiboa diru politikan muturreko eta salbuespenezko neurria da, bere herrialdeko altxor bonoak erosita, berez, dirua sortuko baitu Erreserba Federalak. Iaz, 1,7 bilioi dolarren altxor bonoak erosi zituen, baina nahikoa iruditu ez, eta orain beste 600.0000 milioi dolar sortuko ditu.
Helburua da epe luzeko interes tasak jaitsaraztea, enpresei inbertitzera eta herritarrei kontsumitzera bultzatuz. Sakonean, kontsumo pribatua suspertzea eta ekonomiatik tira egitea nahi du Erreserba Federalak, Estatu Batuak deflazioan erortzea eta egungo %9,6ko langabezia tasa handitzea eragozteko. Hala, Erreserba Federalaren hitzetan, «susperraldi ekonomikoa sendotzeko» eta inflazioa kontrolpean mantentzen dutela ziurtatzeko hartu dute erabaki hori.
Merkatuen erreakzioa
Pozik, baina euforiarik gabe. Hala hartu du albistea Wall Streetek. Enpresa handienek kotizatzen duten Dow Jones indizeak erabakiaren berri izan eta ordubetera %0,73 egin du gora. Epe ertainera, ikusi beharko da zer ondorio dituen finantza merkatuetan, batez ere errenta finkoan.
Komunikabideek, berriz, film edo ekuazio baten modura bataiatu dute neurri berria: QE2. Azken finean, bigarren neurri hori iazkoaren ondotik dator, eta, horrenbestez, ezin da ukatu erabakia hartuta, bere ezintasuna agerian jarri duela Fed-ek. Izan ere, iaz 1,75 bilioi dolar jaulkita ez du lortu erabat ekonomia susperraldirako bidean jartzea eta, batik bat, langabezia onbideratzea. Nahiz eta enpresa handiek likidezia arazorik ez duten, enpresa txiki eta ertainek zein herritarrek bankuetan finantzaketa eskuratzeko arazoak dituztela, oraindik, onartu du berriki Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteak.
Orain arte balio ez badu, orain eraginkorra izango ote den zalantzak daude, ordea. Izan ere, bere arriskuak ditu. Batetik, dibisen arteko lehia areagotu daiteke. Erreserba Federalak hala onartu ez arren, beste herrialdeetara kapital fluxua handitu egingo da, diru merkatuetan aldakortasuna eraginez. Euren dibisen truke tasak igo ez daitezen merkatuotan esku hartzera bultza ditzake hainbat herrialde, azken asteetan gertatu den bezala. Txina yuanaren trukea igoaraztera bultzatu nahi dutela ematen du.
Bigarrenik, beste hainbat merkatutan burbuila berriak sor daitezke, eta, kontraesankorra badirudi ere, epe luzera inflazio handiaren arriskua areagotu egin daiteke Estatu Batuetan. Deflazioa bezain arriskutsua izan daiteke bere ekonomiaren tamainaren halako hiruko zor pribatu eta publikoa duen herrialdean.
Ekainera arte, Erreserba Federalak 900.000 milioi dolar jaulkiko ditu sisteman
Erabaki historikoa izan arren, ez da aho batez hartu: gobernadoreen batzordeko 11 kidetatik batek aurka bozkatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu