Udazkeneko iragarpenak argitaratu ditu gaur goizean Europako Batzordeak. Horien arabera, eurogunean, iazko %2,4ko hazkundea %2,1ra jaitsiko da aurten, %1,9ra 2019an eta %1,7ra 2020an. Europako Batasunean ere joera berdina ikusten da: %2,2 2018an, %2 2019an eta %1,9 2020an.
Moteltzea, hein handi batean, 2017 urtea "bereziki ona" izan zelako gertatzen ari da, Europako Batzordeak azpimarratu duenez. Baina larritzeko arrazoirik ez du ikusten. "Shock handirik ez badago, Europak gai izan beharko luke bere potentzialaren gainetik hazteko, enplegu sorrera sendoa izateko eta langabezia jaisteko".
Edonola ere, orain arte alde jotako haizeak norabidez aldatu duela onartu du Valdis Dombrovskis EBko lehendakariordeak. "Herrialde guztiak haziko dira aurten eta hurrengo urtean, eta horrek lanpostu gehiago ekarriko ditu. Baina ziurgabetasuna eta arriskuak gora doaz, bai barruan zein kanpoan ere, eta horrek kalte egingo dio jarduera ekonomikoari".
Kontrako haizeen artean dago petrolioaren garestitzea, baina baita Donald Trump AEBetako lehendakariak abiatutako merkataritza gerrek ere. Oraingoz, Washington eta Brusela su-etenean daude —altzairu eta aluminio inportazioak soilik trabatzen dituzte AEBek—, baina AEBek Txinako inportazioei muga zergak handitzeak nazioarteko merkataritza moteldu dute, eta hori traba handia da Europarentzat, oro har herrialde esportatzaile asko dituelako (Alemania, Herbehereak, Euskal Herria bera...).
Kanpoko faktoreen laguntzarik gabe, barne kontsumoa izan da ekonomiaren motorra. "Kontsumo pribatuari lagundu beharko lioke herrialde batzuetan ikusten den soldaten igoera sendoak eta neurri fiskalek". Langabeziaren jaitsiera jarraiak ere lagundu beharko lioke kontsumoari. Ekonomiaren moteltzea dagoeneko nabari den arren, 2018. urtearen lehen erdian enplegu sorrerak ez du erritmorik galdu, baina Batzordeak espero du aurrerantzean bai antzemango dela. Horrela, eurogunean langabezia %8,4ra jaitsiko da aurten, %7,9ra 2019an eta %7,5era 2020an.