George Bush AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea jokoz kanpo dago: finantza krisiak gainditu egin du; proposatu duen salbamendu plana goitik behera aldatu dute; gainera, Kongresuan ez dute plana onartu, batez ere bere alderdiko errepublikanoek bizkarra eman diotelako; eta azaroan AEBetako presidente berria aukeratzeko hauteskundeak izango direnez, erabakiak hartzeko gero eta aukera gutxiago du.
Bitartean, Bushek bi egunetik behin jendaurrean hitz egiten du. Atzo ere egin zuen, egoerak behartuta: Ordezkarien Ganberak herenegun ez zuen onartu finantza sistema salbatzeko plana. Bushek diputatuei eta senatariei atzo eskatu zien lehenbailehen onar dezatela salbamendu plana. Nola edo hala: «Legeak egitea konplexua da eta arazotsua izan daiteke. Lege proiektu batek lege bihurtu aurretik jarraitzen duen bideak gutxi axola du. Benetan axola duena guk legea [salbamendu planari dagokiona] lortzea da. Kongresuak neurriak hartu behar ditu».
Bushek atzoko agerraldian agerian utzi nahi izan zuen egoeraren gordintasuna: «Salbamendu plana onartzen ez bada, kaltea mingarria eta iraunkorra izango da. Ondorioak okerragoak izango dira neurririk hartzen ez dugun egun bakoitzeko».
AEBetako presidenteak arindu egin nahi izan zuen finantza sistema laguntzeko aurreikusitako dirutza (700.000 milioi dolar, 489.000 milioi euro), herritarrengan eragindako mesfidantza saihesteko: arazoaren neurriko dirutza dela esan zuen; azkenean ez dela hainbeste diru beharko; jarritako dirutik «asko, dena ez bada» berreskuratu egingo dela; eta planik ezak planak berak baino kostu handiagoa eragiten duela. Herenegun, Ordezkarien Ganberak plana baztertu ostean, Wall Streetek jaitsiera historikoa izan zuen: Dow Jones indizeak 777 puntu galdu zituen (%6,94), 1,1 bilioi dolar negozio bolumenean. Bushek jaitsiera hori erabili zuen herritarrak planaren premiaz ohartarazteko.
Demokratek eta errepublikanoek negoziatzen jarraitu zuten atzo. Bi alderdien Senatuko buruzagiek esan zuten alderdien arteko akusazioak baztertu eta batu egin behar dutela, plana aurrera ateratzeko. Ordezkarien Ganberako bozketan 134 diputatu errepublikanok eta 94 demokratak eman zuten planaren kontrako botoa. Horietatik hamabi konbentzitu behar dituzte bozketa irabazteko. Plana bihar bertan bozkatzeko aukera aztertzen ari dira.
Akordioa lortzeko aukeraren itxaropenak bultzatuta, munduko burtsa gehienek irabaziak izan zituzten. Dow Jones indizeak herenegun galdutako 777 puntuetatik 350 berreskuratu zituen arratsaldean. Europako burtsa nagusiek duda-mudak izan zituzten saioen hasieran, baina Wall Streeten hasiera positiboa ikusi ostean beraiek ere gora egin zuten.
Europa, kontu eske
Finantza krisia Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) sortu zen eta AEBek «dagokien erantzukizuna hartu behar dute». AEBen erantzukizun hori «berezia» da, Johannes Leitenberg Europako Batzordeko bozeramailearen esanetan. Europako Batzordeak kontuak eskatu dizkio AEBetako Gobernuari. Europako Batzordea «atsekabetuta» dago AEBetako Kongresuak herenegun sal-bamendu plana onartu ez zuelako.
Europako Batzordeak gaur Neelie Kroes Konpetentzia komisarioari gaitasuna emango dio premiazko kasuetan finantza erakundeei larrialdietarako laguntzak emateko. Kroesek ez du komisarioen batzordearen onespenik beharko.
EKONOMIA. FINANTZA KRISIA. George Bush: «Planik gabe kaltea mingarria eta iraunkorra izango da»
Akordioaren itxaropenak bultzatuta, burtsa nagusiek gora egin dute, herenegungo jaitsiera handien ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu