Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresentzat urte zaila izango da 2011. Hala uste du Bilboko Merkataritza Ganberak. Ekonomia eta lan merkatua poliki-poliki bere onera datozela dio, baina errekuperazioa iragarri baino motelagoa izango dela. Horregatik, duela hilabete batzuk plazaratutako hazkunde aurreikuspena hamarren bat jaitsi du: orain uste du EAEko barne produktu gordina %1,1 haziko dela aurten, eta ez %1,2, aurretik iragarri zuen moduan.
Erakunde horren arabera, energiaren garestitzea da errekuperazioa oztopatzen duen faktoreetako bat. Prezioek gorantz jarraitzen badute inflazioari eustea ezinezkoa izango dela uste du, eta horrek kontsumoa, ekoizpena eta lanpostuen sorrera geldiaraziko dituela. Euroguneko interes tasak %1etik %1,25era igo izanak ere ez dio mesederik egingo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari. «Oraingo momentua erabakigarria da gure ekonomiarentzat, eta interes tasen igoerak gastatzeko gaitasuna kentzen die familiei eta inbertitzeko zailtasunak jartzen dizkie enpresei».
Horiek horrela, «azkar eta eraginkortasunez» erantzun beharra dagoela uste du Jose Angel Carres presidenteak, «helburu zehatzekin, modu koordinatuan eta guztiok aktiboki parte hartuta».
Sektoreka, eraikuntza ikusten du okerren, etxebizitza merkatua bere onera datorren arren, inbertsio publikoa geldituta dagoelako. Industria moteldu egingo dela iragarri du; zerbitzuek, berriz, poliki, baina errekuperatzeko joerari eutsiko diotela.
Ekonomia iragarri baino motelago errekuperatuko dela dio Bilboko Ganberak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %1,1 haziko dela uste du orain, iragarritakoa baino gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu