Suspertzeak abiadura eta sendotasun ezberdinak ditu: gorabidean diren herrialdeen hazkundea azkarragoa eta handiagoa izango da -Txina bi zenbakiko hazkundera itzuliko da-; herrialde garatuetako ekonomiak, ordea, ohi baino motelago haziko dira, gehienak iazko bigarren erdian hazten hasi ziren arren.
Bi mundu eta bi errealitate dira. NDFk %2,1eko hazkundea iragarri du herrialde garatuentzat aurten; gorabidean direnentzat, aldiz, %6koa. Dena den, aipagarria da herrialde garatuentzako hazkunde iragarpena urrikoa baino 0,8 puntu hobea dela. Eta bai herrialde garatuek, bai gorabidean direnek, hazkundeei eutsiko diotela datorren urtean.
Hala ere, herrialde garatuetako BPGk ez dira itzuliko krisi aurreko neurrietara 2011ko amaierara arte. Herrialde horiek aurre egin beharko diete langabezia tasa altuei eta zor publiko handiei. Zenbait herrialdek baita finantza sistemaren ajeei ere, «suspertzea mugatua baita».
Baina talde bakoitzaren barruan ere errealitate eta abiadura ezberdinak daude. NDFk berretsi egin du azken hilabeteetan errealitateak erakutsitakoa: Europan Alemaniako eta Frantziako ekonomiak beste batzuk baino lehenago eta indartsuago suspertzen ari direla, NDFk uste baino askoz ere azkarrago. Aurten Alemaniako BPG %1,5 haziko dela uste du, urrian esandakoa baino 1,2 puntu gehiago. Frantziakoa, berriz, %1,4hazi da, urrian iragarritakoa baino puntu erdi gehiago.
Herrialde garatuen artean Espainia da azkenputz. Aurten berea izango da herrialde garatuen artean uzkurtuko den ekonomia bakarra (-%0,6), eta 2011n hazkunde apalagoa izango du, %0,9koa. NDFk urrian esandakoak baino hazkunde nabarmen handiagoak iragarri ditu herrialde gehienentzat. Espainiarentzat ez; 0,1 puntu gehiago baino ez.
Soldata «malguagoak»
Gainera, NDFk oharra egin dio Espainiako Gobernuari. Nazioarteko erakundea bere egin du enpresaburuen eskaera: soldatak «malgutu» egin behar direla, «berriro enplegua sortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko». Alegia, soldatak jaitsi behar direla. Horrela, kontratazioak bultzatuko dira eta produktuak merkeagoak izango dira, Jörg Decressin NDFren Munduko Ikerketa Ekonomikoen buruaren arabera.
Eta Ameriketako Estatu Batuak? Gainerako herrialde garatuak baino gehiago haziko da, %2,7 -urrian iragarri baino 1,2 puntu gehiago-. NDFen esanetan, AEBetako kontsumoaren «bizitasuna» izan da susperraldia bultzatu duen faktoreetako bat.
Japoniaren kasuan, Espainiarenean bezala, NDFk eutsi egin die urriko iragarpenei, baina espero du Japoniako BPGk aurten %1,7ko hazkundea izango duela eta 2011n %2,2koa.
Txinaren indarra
Asiako herrialdeak ari dira munduko ekonomiaren uztarritik tiraka. Hala onartu du NDFk. Aipagarria da Txinaren egoera; bi zenbakiko hazkundera itzuliko da, NDFren arabera: bere BPG %10,0 haziko da aurten eta %9,7 2011n. Indiaren kasuan, %7,7koa izango da aurten eta %7,8koa datorren urtean. Bi herrialde horietan urrian baino puntu bat gehiago handitzea iragarri du NDFk.
Hazkundea uste baino azkarragoa eta sendoagoa da, baina horrek ez du esan nahi sendoa denik. Arriskuek indarrean diraute: laguntza politikak behar baino lehenago eta antolatu gabe bertan behera uztea; finantza sistemaren eta etxebizitza sektorearen hondatzea; herrialdeen zorpetze handia; eta langabeziaren hazkundea, horrek kontsumoan duen eragin kaltegarriarekin.
NDFk berak nabarmendu du suspertzea eta finantza sistemaren egonkortasuna «hauskorrak» direla oraindik. Epe motzean jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriek indarrean jarraitu behar dutela dio. Aurten behintzat bai. Ekonomia suspertzeko laguntzei eutsi ezin dieten herrialdeei irteera politikak aurreratzeko eta jakinarazteko eskatu die NDFk. Hori bai, «estrategia sinesgarriak» eskatu dizkie.
Herrialdeei ohartarazi die estrategia horiek herrialdeen kontuak txukuntzen eta zorra murrizten saiatu behar dutela, baina eutsi egin behar dietela pobreziari aurre egiteko gastuari eta nazioarteko laguntzei. Gizarte laguntzetako gastua aldatzeko eskatu du, baina ez du zehaztu nola.
Finantza sistemaren araudi berria bateratua izatea nahi du NDFk, mundu guztian berdina, ezberdintasunek sistemaren egonkortasuna auzitan ez jartzeko.
Aurten beste16 milioi langabe espero ditu OITk
Krisiak hamar langabeberrietatik lau sortu ditu Europako Batasunean eta beste herrialde aberatsetanI. Aranburu.
Atzeraldia amaituta ere, aurten ere langabeziak gorantz egingo duela iragartzen ari dira erakunde eta aurreikuspen egile guztiak. Atzo , Lanaren Nazioarteko Erakundeak kopuru bat jarri zion iragarpen horri: 228 milioi lagunek bukatuko dute urtea lanik gabe, 2009an baino hamasei milioi gehiagok.
Atzo Genevan (Suitza) kaleratutako Enpleguaren Munduko Joerak txostenean, OITk ez du herrialdez herrialdeko datarik ematen, blokeen araberakoak baizik. Horietan azaltzen denez, Europako Batasunean eta herrialde aberatsenetan handitu da gehien langabezia, %6tik %8,4ra igaro baita. Urtea %8,9ko tasarekin bukatuko duela uste du OITk, hau da, beste hiru milioi langabe gehituko dizkiola, 45 milioira iristeko. Bloke aberats horretan sortu dira krisi honetako hamar langabetik lau.
Hori bai, datuak Nazioarteko Diru Funtsak urrian emandako hazkunde aurreikuspenekin osatu ditu OITk. Atzo bertan NDFkaurreikuspen horiek hobetu zituenez, litekeena da OITk bereak ere beherantz berrikusi behar izatea. Edonola ere, berriro ere enplegua sortzeko «denbora gehiago» beharko dela aitortu dio Theodore Sparreboom txostengileak Efe agentziari.
Langabeziari aurre egiteko neurri politikoak eskatu ditu Juan Somavia OITko zuzendari nagusiak: «Garai batean bankuak salbatzeko hartu zen erabaki politikoaren modukoa behar dugu lanpostuak sortzeko». Horretarako, politika publikoak eta inbertsio pribatuak uztartzea proposatu du. Bereziki kezkatuta azaldu da gazteen langabeziarekin, haietako 82 milioi lanik gabe baitaude, %13,4 hain zuzen ere.
Langabeziarekin batera OITk nabarmendu duen beste arazo bat prekarietatearena da. Nazioarteko erakundeak dioenez, langileen %50,6k ez dute lanpostu segurua.
Krisiak ez dio hainbeste eragin jarduera tasari, %64,7an baitago, azken bost urteotako mailan. Hortik gora daude Asia ekialdean -%73,1- eta behera Ekialde Hurbilean -%51,5-.
Munduko eliteak Davosen bilduko dira gaurtik aurrera
Iazko finantza ekaitzaren ondoren, gauzak lasaixeago daudela bilduko da gaurtik aurrera Munduko Foro Ekonomikoa, Davosen (Suitza). Munduko elitea osatzen duten 2.500 agintariei, enpresaburuei, bankariei eta gizarte eragileei eskatu diete aurtengo leloari hel diezaiotela beraien eztabaidetan eta elkarrizketan, eta proposamenak egin ditzatela egitura ekonomikoa berritzeko. Izan ere, garai berrien hasieraren itxura eman nahi izan diote antolatzaileek, Munduaren egoera hobetu: birpentsatu, birdiseinatu, berreraiki leloa aukeratuta. Gai horren inguruan antolatutako eztabaida ugariek ez dute eragotziko Davosen bildutako askok halako bilkurek izaten duten helburua bilatzea; hau da, negozioetarako hain baliagarriak diren harreman pertsonalak eta zuzenak lantzea, eta presio lana egitea interesa duten gaiek edo kontratuek aurrera egin dezaten. Davosen izango dira, esaterako, AEBetako banku handietako buruak, eta espero da bilera baliatzea Barack Obamaren gobernuak haien kontrolerako iragarri dituen neurrien aurkako fronte bateratua osatzeko.%0,1
Erresuma Batuaren hazkundea. Sei hiruhileko jarraian atzeraldian egin ondoren, 2009ko azkenekoan %0,1 haztea lortu zuen Erresuma Batuko barne produktu gordinak. 2009 osoan %4,8 uzkurtu da ekonomia, daturik okerrena 1948an zenbaketa hasi zutenetik.Obamak neurriak iragarriko ditu defizita %9,9tik jaisteko
Barack Obama AEBetako presidenteak defizita murrizteko hiru urteko programa aurkeztuko du gaur. George Bushen garaian handitu zen defizita, eta krisiak arazoa areagotu besterik ez du egin. 2009a 1,4 bilioi dolarreko defizitarekin amaitu zuen, BPGren %9,9. Aurten 1,35 bilioira jaistea espero du Kongresuak.############
«Euskadi laster aterako da krisitik, Espainia baino askoz ere lehenago eta egoera hobean»
IDOIA MENDIA
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
############
«Bankuak salbatzeko hartu zen erabaki politikoaren modukoa behar dugu lanpostuak sortzeko»
JUAN SOMAVIA
OITko zuzendari nagusia