EKONOMIA. PREZIOAK. Petrolioa merke, baina ez luzerako

Petrolioa ia 100 dolar merkatu bada ere, sakoneko arazoa ez da desagertu. Mundua bidegurutzean dela eta ekiteko ordua orain dela dio Nazioarteko Energia Agentziak

joxerra senar
2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Finantza krisiak orain arte ondorio onik izan badu, hori petrolioaren prezioaren beherakada izan da. Uztailaren 11tik ia 100 dolar merkatu da Brent upelaren prezioa: 150 dolarretik 55 dolarreraino. Zoritxarrez, baina, epe luzera petrolioaren prezioek berriro gora egingo dutela ohartarazi zuen atzo IEA nazioarteko Energia Agentziak urteko txostenean.

Petrolioaren merkatua kontraesan handi batean dago. Batetik, azken asteetan izan duen beherakada itzelak erakusten du atzean mugimendu espekulatzaileak daudela: azken urteetan prezioek gora egingo dutela apustu egin duten inbertsiogileak, finantza krisiaren ondorioz, posizioak zuzentzen ari dira -urrian inoizko diru bolumen handiena izan zuen Londresko ICE merkatuak-.

Baina horrek ez du esan nahi petrolio merkatuaren egiturazko arazoak konpondu direla. Kontsumoak handitzen jarraituko du, eta horri aurre egiteko produkzio ahalmena nabarmen eskasten ari da. Funtsean, hori da IEAk txostenean ematen duen mezu nagusia: «Munduko energia sistema bidegurutze batean aurkitzen da. Energia hornikuntzaren eta kontsumoaren egungo joerak argi eta garbi ez dira iraunkorrak, ez ingurumen aldetik, ez ekonomiaren aldetik, ezta gizarte aldetik ere». Hona txostenaren ondorio nagusiak:

1. Kontsumoa

IEAk dio, energia lehengaien kontsumoa munduan 2006tik2030era %45 handituko dela. Petrolio kontsumoa ere nabarmen handituko da. Orain, egunean 86 milioi upel kontsumitzen badira, 2030ean 106 milioi upel kontsumituko direla kalkulatzen du IEAk -energia kontsumo osoaren %34 izatetik %30 izateraino-.

2. Azpiegiturak

IEAk dio egun munduak duen argindar, petrolio, gas eta ikatz hornidurari eusten dioten azpiegituren erdiak ordezkatu egin beharko direla 2030erako. «Etorkizuneko inbertsioek eduki behar dituzten irizpideak ziurtatzeko, berehala, nazioarteko akordio bat egin behar da klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta horrek politika nazionaletan izango dituen ondorioak neurtzeko».

3. Erreserbak

Petrolio nahiko badago, oraingoz. Hori dio IEAk. Frogatutako erreserbak 1,2-1,3 bilioi upelekoak dira, eta egungo kontsumoaren arabera, munduak beste 40 urterako petrolioa lukeela esan nahiko luke. IEAren arabera, kopuru horren zati bat 1980an aurreikusita zeuden erreserben gaineko balorazio berrietatik egin da, eta beste zati bat teknologiaren ondorioz putzu berriak aurkitu direlako. Hortik haratago, IEAk kalkulatzen du beste bilioi bat upel oraindik aurkitzeke daudela. Gas naturalari dagokionez, erreserbak nahikoak direla uste du IEAk, baina horiek herrialde gutxi batzuen eskuetan daudela ohartarazten du. Errusiak, Iranek eta Qatarrek soilik gas erreserben %56 dute.

4. Ekoizpena

Erreserba nahikoak izan arren, «ez du bermatzen eskariari aurre egiteko moduan egongo denik ekoizpena». IEAk 800 petrolio toki aztertu berri ditu, eta ondorioztatu du, batez beste %6,7ko gainbehera tasa dutela. Gainbehera hori areagotu egiten da dirurik ez bada inbertitzen -%10,5eko tasaraino urtero-. Ondorioa kezkagarria da: gainbehera hori ordezkatu ahal izateko, soilik egungo kontsumoari eutsita, 2030ean egunero 45 milioi upel behar lituzke munduak egunero. Kontsumoa 86 milioitik 106 milioira igoz gero, berriz, 65 milioi upel. Erronkari aurre egiteko 2030era bitartean 8,4 bilioi euro inbertitu beharko direla kalkulatzen du IEAk.

5. Klima aldaketa

Txostenak garrantzi berezia du energiaren auzia klima aldaketarekin lotu duelako. Ezer egin ezean, CO<->2 emisioak %45 handituko direla aurreratzen du IEAk. Kontuan hartuta energia sektoreak munduko emisioen %61 pilatzen duela, IEAk uste du sektoreak «eztabaidaren bihotzean» egon behar duela. Emisioak egonkortzeko bidean etorkizuneko bi jokaleku aurreikusten ditu, eta bietan ondorioztatu du «ehunka milioi etxek eta negoziok energia erabiltzeko duten modua» aldatu beharko dutela.

Jokaleku baikorrenak, jakina, eginahal handiena eskatzen du. IEAren ustez, herrialde industrializatuek gas emisioak %40 murriztu beharko lituzkete, eta garapen bidean direnek ezingo lukete %20tik gora handitu. Energia berriztagarriei bultzada handia eman beharko litzaieke energia ekoizpenaren %30 izateraino. Jokaleku horretan, 35,2 bilioi dolar gehiago inbertitu behar dira energia berriztagarrietan eta eraginkortasun energetikoko neurrietan: «Gobernuen eskuetan dago energia sistema garbiago eta lehiakorrago bateranzko bidean bakarrik jardutea edo elkarrekin egitea. Denbora amaitzen ari da, eta orain da ekiteko ordua».





############



Gaviota handituko dute, eta prospekzioak egingo dituzte

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak atzo iragarri zuen Bizkaiko kostaldearen aurrean dagoen Gaviota gas biltegia handitzeko proiektua dagoela. Repsolek 1.300 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du, biltegiaren edukiera bikoizteko: 800 milioi metro kubotik, 1.600era pasatzeko. Inportatutako gasa biltzen dute bertan. Repsol Espainiako Gobernuaren agindu baten zain dago, ea Gaviota ustiatzeko baimena 30 urtez luzatuko dioten jakiteko.

Horrez gain, Ibarretxek iragarri zuen gasa aurkitzeko prospekzio berriak egingo direla. Itsas gaineko energia produkzio, bilketa eta ustiaketari buruzko FSPO foroan parte hartu zuen EAEko lehendakariak atzo Bilbon.





############



Europak energia ziurtatzeko neurriak proposatuko ditu

Europako Batzordeak hainbat neurri proposatuko ditu gaur Europako Batasunaren energia hornidura ziurtatzeko. EBko herrialdeek energia esportatzaileekin dituzten negoziazioetan mezu bera izatea nahi du, besteak beste. EBk kontsumitzen duen energiaren erdia baino gehiago kanpotik jasotzen du.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.