Urteko lehen bi hiruhilekoetan zertxobait azpira kokatu ostean —%2,8an lehenean eta %2,9an bigarrenean—, barne produktu gordinaren hazkundea atzera %3ko mailara itzuli da, hots, iazko urte itxierako mailara. Urrian aurreratutako datua zuzendu egin du, beraz, Eustatek, orduko hartan %2,9an kokatzen baitzuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren uztailetik irailerako hazkundea, betiere iazko epe berarekin alderatuta.
Sektoreka, urte arteko tasetan zerbitzuen sektorearena da bilakaera onena, %3,1 igoerarekin. Eraikuntzaren alorrarena izan da hurrengo emaitza onena, %3ko hazkundearekin, eta atzetik industria, %2,7ko goradarekin. Zenbaki gorri bakarrak lehen sektorearenak izan dira, hazkunderik ez, murrizketa izan baitu, %1,9koa. Konparazioa aurreko hiruhilekoarekiko eginez, barne produktu gordina %0,7 hazi da. Datu horretan industriaren eta eraikuntzaren sektoreak izan dira ekarpen handia egin dutenak.
Eskariaren ikuspegitik, aurreko urteko datuarekin alderatuta, hirugarren hiruhileko honetan barne eskaria %3,1 hazi da, bai kontsumoak bai inbertsioak gora egin dutelako. Enpleguan ere hazkundea izan da, %2,1ekoa, eta alor guztietan handitu dira enplegu mailak.
Herrialdeka, urte arteko tasetan, barne produktu gordinaren hazkunde handiena Bizkaiarentzat izan da, %3,1koa. Araban eta Gipuzkoan, berriz, %2,8 hazi da BPGa. Urteko bigarren hiruhilekoarekiko, berriz, Gipuzkoak izan du hazkunde handiena, %0,9koa, eta atzetik izan ditu Araba, %0,7ko igoerarekin, eta Bizkaia, %0,6koarekin.