Kutsatze gehiago eta ospitaleratze gutxiago eragiten ari den pandemiaren olatu berriak ziurgabetasun gorena ekarri du berriro ekonomiaren hazkunde aurreikuspenetara, edo beste modu batera esanda: ekonomiaren aurtengo errebotea zenbatekoa izango den kalkulatzeak inoiz baino arrisku handiagoa dauka erratzeko. Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoak albiste onak utzi ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraitzen du laugarren hiruhilekoz segidan, eta urte hasieran izandako geldialdiaren ondoren (%0,2), BPG barne produktu gordina %2 hazi da apiriletik ekainera.
Hau da, ekonomiaren abiadura azkartuz doa, industriak eta haren esportazioek bultzatuta batik bat, eta laino beltz handienak zerbitzuetan daude oraindik ere, betiere turismoari lotuta. Birusaren oldarraldi berriak urte bukaerako emaitzan nola eta zenbat eragin dezakeen galdera ikur handi bat da orain, baina ez dago zalantzarik ekonomiaren jarduera batzuk motorrak berotu dituztela. Pandemiari aurre egiteko neurriek eragina dute oraindik ere, baina begien bistakoa da munduko zenbait merkatu sendo ari direla eta, euskal industriaren nazioartekotze maila altuari esker, esportazioak ekarpen handia egiten ari direla. Hala, urte arteko tasan %18,5eko hazkundea islatzen du adierazleak, nahiz eta hazkunde erraldoi horrek ez duen askorik adierazten, konfinamendu beteko hiruhilekoarekin alderatzea espero zitekeena baizik ez baita.
Irailean berretsi beharrekoa
Eusko Jaurlaritzak, errebotea zenbatekoa izango den aurreikusteko azken gaurkotzean, %6,7ko hazkundea azpimarratu du, aurreko aurreikuspena ia bi puntu apalduta —%8,6koa zen—. Pandemia eragiten ari den ziurgabetasun handiak 2021eko errebotea apaltzera eraman zuen gobernua. Urteko lehen erdian, hazkunde pilatua %2,2koa baizik ez da izan, eta bigarren erdian ekonomiaren abiadurak dezente bizkortu beharko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Gasteizko gobernuaren %6,7ko helburu hori bete dadin.
Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoarentzat kalkulatua zuena baino gehiago hazi da BPGa, %18,1eko urte arteko tasa aurreikusi baitzuen Lakuak, eta %18,5erainokoa da aldea.
Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuz, %2,1 hazi da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko epealdiaren aldean. Irailaren 17an emango ditu Jaurlaritzak ekonomiaren hazkundearen aurrerapen honen xehetasun gehiago, eta, beharbada, doikuntzak egongo dira. Familien kontsumoa %19,4 haziko dela aurreikusi du gobernuak (urte arteko tasan), eta %4,5 administrazio publikoarena. Industriaren hazkunde handia aurreikusi du, era berean, %30ekoa kasik, eta 15,7koa zerbitzuetan. Eraikuntzari ere hazkunde aurreikuspen handia dagokio, ia %17koa. Datu horiek iraileko txosten zabalagoak berretsi beharko ditu, dena den.
Aurtengo hirugarren hiruhilekorako, %6ko hazkundea aurreikusi du Gasteizek, urte arteko tasan betiere, eta urteko azken hiru hilabeteetarako kalkulatutakoa %7,4koa da.